Donostiak bat egiten du erabiltzen ez diren mugikorrak jasotzeko kanpainarekin, Kongon ekintza humanitarioak egin ahal izateko

Foto: Ayto.

Donostiako Udalak ALBOAN GKErekin bat egin du erabiltzen ez diren mugikorrak jasotzen, Kongoko Errepublika Demokratikoan ekintza humanitarioak burutzeko. Udal eraikinetan kaxa bana jarriko da, hiritarrek mugikorrak utzi ahal izateko. “Gatazkarik gabeko teknologia” ekimenaren baitan antolatu da kanpaina hau eta haren asmoa da salatzea Kongoko Errepublika Demokratikoan egiten diren eskubideen urraketa zuzenean lotuta dagoela guk teknologiarekiko egiten dugun kontsumoarekin. Donostiako alkate Eneko Goiak azpimarratu duenez Udalak “atsegin handiz” parte hartzen du kanpaina honetan. “Denok daukagu mugikor bat, baina askotan ez dakigu teknologia horren atzean ezkutatzen dena”, adierazi du alkateak. María del Mar Magallón Alboan Fundazioaren zuzendariak nabarmendu duenez, “hainbat mineralen legez kanpoko erauzketa da giza eskubideen urraketa eta Kongon bizi den gerratearen arrazoi nagusietako bat”.
Hiriko 20 lekutan egongo diren kaxetan ALBOAN GKEk prestatutako leloa erabiliko da: “Jar ezazu hemen zure mugikor zaharra eta ALBOAN elkarteak iheslari eta desplazatutako pertsonentzako hezkuntzarako aukera bihurtuko du”. Herritarrek erabiltzen ez dituen mugikorrak honako puntu hauetan utzi ahal izango dituzte: Udaletxea, Goikoa jauregia, Urdaneta, Altza eta Morlanseko bulegoetan, Aieteko Bakearen Etxean, Emakumeen etxean, Udal Zerga Bilketa bulegoan, Suhiltzaileetan, Udaltzaingoan, Cristina Enean Ingurumen sailean, Aieteko Topalekuan eta auzo guztietako Gizarte Ekintzako bulegoetan.
Aurki, kultur etxeetan, liburutegietan eta kiroldegietan ere kaxa hauek aurkitu ahal izango dira. “Gatazkarik gabeko teknologia” ALBOAN GKEaren kanpaina bat da, eta haren asmoa da ezagutzera ematea mugikorrek, tabletek eta ordenagailuek duten lotura Kongoko Errepublika Demokratikoko ekialdeko gerrarekin.
Kanpainari buruzko xehetasun gehiago eskuratzeko bide hauek erabil daitezke, ALBOAN elkartearen web orrian, www.alboan.org, edo kanpainaren web orrian, www.tecnologialibredeconflicto.org.