Marian Azpirozek jasoko du 2026ko Carmen Adarraga saria

Gipuzkoako Foru Aldundiak surfaren garapenean eta nazioartekotzean egindako ekarpena aitortu dio Pukas Surfeko sortzaileari

Marian Azpiroz 3 Marian Azpirozek jasoko du 2026ko Carmen Adarraga saria

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Departamentuak Marian Azpirozi eman dio 2026ko Carmen Adarraga saria. Azpiroz funtsezko figura da gure lurraldeko zein Espainiako surfaren historian. Saria emateko ekitaldia martxoaren 11n izango da, 18:00etan, Kirol Etxean.

2026ko Carmen Adarraga Sariaren epaimahaiak Azpirozek aitzindari eta erreferente gisa egindako ibilbide bikaina nabarmendu du: 70eko hamarkadan zeregin erabakigarria izan zuen orduan ezagutzen hasi berria zen kirola profesionalizatzeko, enpresa ikuspegia eman zion, eta Gipuzkoa surfaren nazioarteko mapan kokatzeko ekarpen handia egin zuen.

Goizane Álvarez diputatuak adierazi duenez, «Marian Azpirozi aintzatespena egitea industria, kultura eta komunitatea ere baden kirola egiteko modu bati aintzatespena egitea ere bada. Hamarkadetan zehar, emakume askok proiektu, klub, kirol-familia eta egitura osoei eutsi diete, fokurik eta txalorik gabe. Sari hau modu bat da ikusezintasun hori konpontzeko eta argi eta garbi adierazteko berdintasuna ez dela aldarrikatzen; eraiki egiten da erreferenteen bidez, baliabideak jarrita eta bidea irekitzen duten erabaki publikoak hartuta. Izan ere, kirol bidezkoagoa, anitzagoa eta feministagoa eraikitzeko, ia inork kasurik egiten ez zionean kirol hori ahalbidetu zutenak ere aintzat hartu behar dira».

Ibilbide aitzindaria, surfari eta Gipuzkoari lotua

Marian Azpiroz Pukas Surfeko sortzailea da, Iñigo Letamendia senarrarekin eta Miguel Azpiroz anaiarekin batera. Marianek (Aginaga, 1949) 1979tik nazioarteko proiekzioa duen familia enpresa arrakastaz kudeatuz surfaren industria Euskal Herrian eraldatu du.

Marianek emakumeen eta gizonen arteko lankidetzaren aldeko apustua egin zuen, berrikuntzaren eragile gisa, surfa ia existitzen ez zen garaietatik. Bikiniak ehuntzen hasi zen, Iñigo Letamendia senarrak surf taulak eskuz egiten zituen bitartean. Dendak irekitzen jarraitu zuten (lehena Zarautzen 1977an), josteko tailerrak, taula fabrikak, surf eskolak eta marka mundura eraman zuten nazioarteko ekitaldien antolaketarekin.

Marian Azpiroz funtsezko figura da Espainiako surfaren historian. Oinarritik ekin zion surfaren garapenari, eta 70eko hamarkadan taulen artisau-fabrikazioaren lehen urratsetan parte hartu zuen. Denborarekin, Pukas tailer izatetik nazioarteko erreferente izatera igaro zen, eta bertan egindako taulak munduko txapeldunek erabili izan dituzte.

Epaimahaiak, halaber, Gipuzkoako surfaren kanpo proiekzioan izan duen begirada estrategikoa nabarmendu nahi izan du, bereziki nazioarteko ekitaldiak bultzatuz, hala nola Pukas Pro lehiaketa; haren bidez, Zarautz munduko surf zirkuituaren mapan kokatu zen eta prentsa espezializatuaren aintzatespena jaso zuen. Era berean, une kritikoetan izan duen lidergoa hartu du kontuan, hala nola 2017an fabrikak su hartu ondoren berriz eraiki behar izan zutenean, eta baita tokiko talentuaren alde egin duen apustua ere, surflarien ibilbideak babestuz, Aritz Aranbururena esaterako.

2016an sortutako Carmen Adarraga Sariaren helburua da kirolean eragin nabarmena duten emakumeak aintzatestea eta ikusaraztea, bai lorpenengatik, bai haien jarrera eta balioengatik. Carmen Adarraga (Hernani, 1921-2004) Gipuzkoako kirolaren aitzindaria izan zen: Espainiako saskibaloiko selekzioko kapitain gisa nabarmendu zen eta Espainiako txapelduna izan zen hiru aldiz. Haren ondareak kirolarien belaunaldi berriak inspiratzen ditu.

Aintzatespen horrekin, Marian Azpiroz Carmen Adarraga Saria jaso duten emakumeen zerrendan sartzen da. Horien artean daude Marta Funes, Coro Fuentes, Mari Ayestarán erraketistak, Nieves Alza, Arantza del Puerto, Carmen Díez Mintegui, Azu Muguruza, Garbiñe Etxeberria eta Tati Garmendia. Guztiak erreferente izan dira eta aldaketa esanguratsuak bultzatu dituzte kirolaren historian eta gizarte berdinzaleago bat eraikitzeko bidean.

Síguenos en nuestro canal de WhatsApp o apúntate a nuestro newsletter para recibir las principales noticias de la semana

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Kutxa Fundazioa