‘Rafa in memorian’: lagun talde batek Rafael Berrio omenduko du Victoria Eugenian

Rafael Berrio (imagen de twitter de Joserra Senperena)

Amateur, La Oreja de Van Gogh, Paul San Martín, Sanchís y Jocano, Erentxun eta Vasallo, Joserra Senperena…guztiek hartuko dute parte Donostia Kulturak Rafael Berriori egin nahi izan dion omenaldian, ‘Rafa in memorian’. Victoria Eugenia Antzokian egingo zaio omenaldia, maiatzaren 20an, arratsaldeko zazpietan.

Pasa den martxoan zendu zen Berrio gaixotasun baten ondorioz eta betetzen zaila den hutsunea utzi zuen donostiako musika sorkuntzan. UHF, Deriva eta Amor a traición taldeetan aritu zen musikari donostiarra, eta haiekin maxi bat eta lau elepe grabatu zituen. 2011-tik aurrera, bere izenpean, ezinbesteko diskak sortu zituen: 1971, Diarios, Paradoja edo Niño futuro. 2017an Pablo Sorozabal eta Pío Barojaren ‘Adiós a la Bohemia’ zarzuela moldatu zuen eta Joserra senperena eta Ángela Molinarekin batera taularatu zuen Zarzuelako Antzokian bertan.

Kontzertuak Berrioren eta hamabost bat lagun eta lankideen inguruan egingo da. Horietako batzuk aipatu ditugu jada:  Rafa Rueda, Charly & Pavlyuchenko, Amateur, Virginia Pina, La Oreja de Van Gogh, Petti, Paul San Martín, Sanchís y Jocano, Mursego, Abraham Boba, Julia-Cristina, Txetxo Bengoetxea, Joseba Irazoki, Miren Iza, Mikel Erentxun eta Diego Vasallok  musikari donostiarraren abestiak interpretatuko dituzte egun honetarako sortu duten soinu-bandarekin batera. Soinu-banda hau Joserra Senperena, Fernando Neira, Joseba Irazoki eta Karlos Aranzegik osatzen dute.