Donostiako Udalako Euskara Zerbitzuak, Gizarte Ekintza Zuzendaritzaren laguntzarekin, zaintzako langileei zuzendutako euskara-gaztelania hiztegi berria argitaratu du. Argitalpen honen helburua da mendetasun egoeran dauden pertsonen zaintzan ari diren langileei euskara hurbiltzea eta eguneroko komunikazioan laguntza praktikoa eskaintzea.
Izan ere, euskarak gertutasuna eta konfiantza transmititzen dizkie euskaldunei. Zaintza jasotzen duten pertsona askorentzat euskara da ohiko hizkuntza, eta erosoago egiten zaie hizkuntza horretan beren nahiak eta beharrak adieraztea. Horrek zuzenean eragiten du haien ongizatean, eta zaintzaileen eta zainduen arteko harremanak sendotzen laguntzen du.
Zaintzan komunikazioa hobetzeko tresna
Hiztegiak egunerokoan erabiltzen diren hitz eta esamolde oinarrizkoenak biltzen ditu, zaintzaren testuingurura egokituta. Helburua da euskara erabiltzen hasteko tresna erraza eskaintzea. Formatuari dagokionez, poltsikorako hiztegi txikia da, praktikoa eta une oro eskura izateko modukoa.
Argitalpena 14 ataletan banatuta dago: agurrak, oinarrizko kontzeptuak, etxea, kalea, taberna-kafetegia, dendak, farmazia eta anbulatorioa, jatekoak eta edatekoak, asteko egunak, urte-sasoiak, zenbakiak eta orduak, eguneroko harremanak, laguntza emozionala eta familia.
Guztira 4.000 ale argitaratu dira, eta lehenengoak Donostian zaintzan jarduten duten enpresetako langileen artean banatu dira. Horrez gain, datozen egunetan udal erakunde eta hainbat elkartetan zabalduko da, besteak beste, Emakumeen Etxean, Gizarte Zerbitzuguneetan, enplegu zentroan, Udalinfo zerbitzuan, Euskaltegietan, Lanbiden, SOS Arrazakerian eta Caritasen.
Hiztegia eskuragarri egongo da nahi duen herritar ororentzat Euskara Zerbitzuaren bulegoan (Konstituzio plaza 2, behea). Era berean, www.donostiaeuskaraz.eus webgunean PDF formatuan deskargatzeko moduan izango da.
Baliabide honekin, Donostiako Udalak euskara sustatzen jarraitu nahi du zaintza arloan, hizkuntzaren bidez pertsonen arteko harremanak hobetuz eta arreta hurbilagoa eskainiz.



Deja un comentario