15.000 pertsonak baino gehiagok gozatu dute Zientzia Astearen 25. urteurrenez

EHUren Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Asteak 25. edizioa ospatu du azaroaren 5etik 9ra Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Barakaldon; lau egoitzetan antolatutako ia 200 jarduera doakoetan 15.000 pertsona baino gehiagok parte hartu dute

ZA Araba medios 15.000 pertsonak baino gehiagok gozatu dute Zientzia Astearen 25. urteurrenez

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) antolatutako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Astearen 25. edizioa azaroaren 5etik 9ra ospatu da Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Barakaldon, eta 15.000 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte adin guztietako publikoarentzat antolatutako ia 200 jarduera doakoetan.

Aurtengo edizioak 25 urteko ibilbideari omenaldia egin dio, zientzia modu atsegin eta dibertigarrian gizartera hurbilduz. Bilboko Bizkaia Aretora 6.500 lagun hurbildu dira, 2.800 Donostiako Tabakalerara, 3.300 Gasteizko Bibat museora eta hiriko beste gune batzuetara, eta 2.700 inguru Barakaldoko Clara Campoamor Zentro Zibikotik igaro dira.


25. urteurrenerako programazio berezia

Urteurrenaren harira, programazio bereziak 43 txoko zientifiko, 75 tailer, 10 ibilbide didaktiko, 8 erakusketa, 11 hitzaldi eta 6 ikuskizun bildu ditu. Ardatz nagusietako bat plastikoen eta mikroplastikoen inguruko gaia izan da, itsas kutsaduraren aurkako borrokan arreta berezia jarriz. Beste gai batzuk ere jorratu dira, hala nola material jasangarri berrien garapena, eraikin eraginkorren diseinua, eta energia berriztagarrien zein mugikortasun iraunkorraren sustapena.

Halaber, adimen artifiziala, robotika eta konputazio kuantikoa bezalako arlo aurreratuak landu dira, Bizitzaren eta Osasunaren zientziekin batera (biomolekulen analisia, neurozientzia, farmazia eta minbiziaren aurkako ariketaren eragina). Zeharkako gaiekin osatu da, hala nola emakumeak zientzian duen ikusgarritasuna, astronomia, arkeologia, geologia eta paleontologia, eta kimikaren eta fisika kuantikoaren dibulgazioa, egungo ingurumen eta gizarte erronkei begira.

Bilboko, Donostiako eta Gasteizko egoitzetako erizaintzako eta osasun-zainketako txokoetan parte-hartze handia izan da; parte-hartzaileek bihotz-biriketako bizkortzea (BBB), esku-higiene egokia, zauriak sendatzea edo garuneko istripu baskularren detekzio goiztiarra bezalako prozedurak ikasi dituzte.


Zientzia Club eta bestelako ekimenak

Aurten ere Zientzia Clubek publiko orokorraren arreta erakarri du. Ia 300 lagunek gozatu dute EHUko 15 ikertzailek lau egoitzetan eskainitako bakarrizketetaz.
Halaber, konputazio kuantikoari buruzko Qiskit Fall Fest jardunaldian 110 pertsona bildu dira, eta “Abentura koantikoa” haurrentzako ikuskizunak 350 pertsona inguru izan ditu bi saioetan (Bilbon 296 eta Gasteizen 51).


Ikasleen parte-hartze zabala

Aurten ere ikastetxeek parte-hartze handia izan dute. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko 5.000 ikaslek baino gehiagok bisitatu dituzte txokoak eta tailerrak lanegunetan, goizez, Bilboko, Donostiako eta Gasteizko egoitzetan.
Gainera, zentro horietatik Lurraren Zientziekin lotutako 71 irudi aurkeztu dira Argazki Geologikoaren XVII. Lehiaketara, eta sariak azaroaren 9an banatu dira.
Horrez gain, Barakaldoko egoitzan, Lehen Hezkuntzako 450 ikasle inguruk zientziaz gozatu dute programatutako tailer eta ikuskizunetan.


Zabalik jarraitzen duen erakusketa

Zientzia Astearen barruan, Ur tantetako biztanleak erakusketa 2026ko urtarrilaren 12ra arte egongo da ikusgai Gasteizko Natur Zientzien museoan.

Zientzia Astea 2025 EHUk antolatzen du, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren laguntzarekin eta Arabako Foru Aldundiaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Barakaldoko Udalaren, Donostiako Udalaren, Gasteizko Udalaren eta Vital Fundazioaren babesarekin. Jardueretako batzuk Europako Batzordeak finantzatutako G9-Science4All eta ORE4Citizens proiektuetan kokatzen dira, Marie Sklodowska-Curie ekintzen bidez, Horizonte Europa programaren barruan.


Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Kutxa Fundazioa