Euskal Herriko hainbat txokotan bezala, Urnietan historikoki ospatu izan den gau berezia da urriaren 31koa. Usadio horri eutsi eta bizirik mantentzea da Salestarrak Magale ikastetxearen helburua. Hori dela eta, datorren urriaren 31n Urnietako Gau Beltza ospatuko da berriro ere.
Duela bost urte ekin zioten festaren lehen edizioa antolatzeari, eta aurtengoan hainbat berrikuntza izango dira, ekimena are osatuagoa eta erakargarriagoa izan dadin.
Ekitaldia 18:30ean hasiko da Etxeberri plazan, eta kalejiran ibiliko dira parte-hartzaileak. Bidean zehar, sorpresa ugari izango dira: dantzak, danbor eta perkusio hotsak, beldurrezko egoerak eta beste hainbat ikuskizun. Ondoren, San Juan plazan amaituko da jaia, suaren inguruko erritoarekin, beldurrezko tunelekin, gaztaina-jana, “sariaziria”, txokolatada eta bestelako jarduerekin.
Antolatzaileek herritar guztiak parte hartzera animatu dituzte, eta arropa “aproposak” jantzita etortzera gonbidatu. “Edozein etxetan daude Gau Beltzeko arropak, beraz, ez dago aitzakiarik jantzi gabe etortzeko”, diote.
Festako protagonistak eta berrikuntzak
Aurtengo festaren protagonista erraldoia izango da Arimazar, jaialdiari irudia eta nortasuna emateko sortutako txorimalo handia.
Horrez gain, urtero arrakasta handia izaten duen beldurraren tunelaren tamaina bikoiztu egin dute Mantentze Elektromekanika zikloko ikasleen lanari esker: hamar metroko pasabidea izan beharrean, orain hogei metrokoa izango da.
Gau Beltza ikastetxeko hainbat mailatan landu duten proiektu bat denez, ikasleen lanek protagonismo berezia izango dute: eurek sortutako joaldunak, dantza-emanaldiak, “sariaziria”, beldurraren tunela, danbor ikuskizunak eta suaren inguruko erritoa, besteak beste.
Aurten, berrikuntza gisa, ikasle batzuek beldurrezko ipuinak sortu eta grabatu dituzte. Hemen adibide bat ikus daiteke:
🔗 https://www.youtube.com/watch?v=Uk4qxj3adDE&feature=youtu.be
Guztira 200 ikasle inguruk hartuko dute parte ekitaldi desberdinetan, eta 30 lagun inguruk jardungo dute antolakuntzan, dena ondo atera dadin. Antolatzaileen esanetan, “Urnietan bertan antzinatik datorkigun usadioa dela jakinik, gure ikasleak motibatzeko eta gure historia ezagutarazteko asmoz sortu genuen ekimena. Herriaren parte garenez, herritarrei ere aukera eman nahi diegu gurekin batera halako ekitaldi politaz gozatzeko”.
Gainera, sorpresa ugari izango dira “arimen gau” magiko honetan. “Gauarekin eta gure ohiturekin lotutako elementu bisualak prestatzen ari gara; ez dugu asko aurreratu nahi, baina ikusgarria izatea nahi dugu”, azaldu dute.
Horrenbestez, Gau Beltza jai-giroan eta urnietarren artean pasatzeko aitzakiarik onena izango da.
EGUNA: ostirala, urriak 31
ORDUA: 18:30
LEKUA: Etxeberri plazatik abiatu eta San Juan plazan amaitu (Urnieta)



Deja un comentario