Euskotreneko Burdinbidearen Euskal Museoak lurrunezko hiru tren jarriko ditu zirkulazioan datorren asteburuan, irailaren 5ean eta 6an, Azpeitian. Bisitariek, horrela, museoaren trenbide ondareaz gozatzeko aukera izango dute, lurrunezko tren historikoetan bidaiatuz.
Larunbatean bi irteera egingo dira, 12:00etan eta 17:30ean, eta igandean beste bat, 12:00etan. Lurrunezko trenaren denboraldiak asteburu guztietan jarraituko du azarora arte, ordutegi berarekin.
Burdinbidearen Euskal Museoak trenbide bilduma zabala du ikusgai, lurrunezko, diesel eta tren-makina elektrikoez gain, automotorrak eta hainbat motatako bagoiak biltzen dituena. Horrez gain, Urolako Trenbidearen tailer mekaniko zaharraren bidez Euskadiko makina-erreminta multzo osatuenetako bat erakusten du, baita XIX. mendearen amaieratik trenbidean erabilitako uniformeak eta tren-erlojuen bilduma nabarmena ere.
Museoa Azpeitiko Julian Elorza kaleko 8. zenbakian dago. Asteartetik ostiralera 10:00etatik 13:30era eta 15:00etatik 18:30era egongo da zabalik; larunbatean, 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era; eta igandean, 10:30etik 14:00etara.



Deja un comentario