Abuztuaren 1etik aurrera, Albaola Itsas Kultur Faktoriak aukera paregabea eskainiko du: San Juan baleontziaren barrualdea bisitatu ahal izango da lehen aldiz publikoarentzat. Euskal itsas ondarearen ikur bihurtutako ontzi enblematiko hau barrutik ezagutzeko unea iritsi da, proiektu honen jarraitzaile askok aspalditik itxaroten zutena.
Orain arte, ontziaren barrualdea Albaolako lantaldearen eta bisitari berezi gutxi batzuen esku baino ez zegoen. Lehen aldiz, eta botadura aurreko epe mugatu honetan bakarrik, publikoarentzako bisita gidatu bereziak eskainiko dira, etapa garrantzitsu honen testigu izateko aukera emanez.
Bisita hauek San Juan baleontziaren barne-bizitza gertutik eta modu didaktikoan ezagutzeko aukera emango dute: ontziaren atal desberdinen funtzioak, garaiko nabigazio baldintzak, tripulazioaren antolaketa eta XVI. mendeko itsas teknologiaren xehetasunak azalduko dira. Pasaiako portuan eraikitako eta 1565ean Kanadako uretan hondoratutako baleontzi honen erreplika zehatza da San Juana, eta UNESCOren babes ofiziala du. Gainera, Albaolak Jardunbide Egokien ziurtagiria jaso du itsas kultur ondarea zaintzeko lanagatik.
Bisita gidatuak talde txikietan egingo dira, euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez, Faktorian ohikoa den bezala. Astearteetatik igandera eskainiko dira, egunero bi saiotan (18:00etan eta 18:30ean), eta gutxi gorabehera 20 minutuko iraupena izango dute. Langile espezializatu batek gidatuko ditu eta aurretik erreserba egitea derrigorrezkoa da.
Sarrerak uztailaren 30etik aurrera jarriko dira salgai, online zein leihatilan. Sarrera bakoitza erreserbatutako data, ordutegi eta hizkuntzarako soilik balioko da.
➡️ Sarrerak hemen: https://tickets.albaola.org/eu/1617-sarrerak/11139-sarrera-bisita-san-juanen-bihotzera
Oharrak eta gomendioak:
- San Juana XVI. mendeko ontzi baten erreplika izanik, irisgarritasun-mugak ditu.
- Bisita egin aurretik, segurtasun arau batzuk ezagutu eta errespetatu beharko dira.
- Gutxieneko adina: 8 urte.
- Gomendatzen da oinetako itxi eta erosoekin joatea.
- Albaolako langileen jarraibideei une oro kasu egitea eskatzen da.
- Bisitak abuztuaren 1etik irailaren 21era arte eskainiko dira, eta museoko ohiko eskaintzari gehituko zaizkio.
Museoa, bere aldetik, ohiko ordutegian bisitatu ahal izango da:
Astearteetatik igandera, 10:00–14:00 eta 15:00–19:00 (astelehenetan itxita, salbu jaiegunetan eta bezperetan).
Garraio publikoa erabiltzea gomendatzen da, museoak ez baitu berezko aparkalekurik.
Informazio praktikoa: https://albaola.org/informacion-practica/



Deja un comentario