Amaia Iguaranek eta Egoaizia GKEak jasoko dituzte Agustin Ugarte 2025 Sariak

Entregatzeko gala Kiroletxean egingo da abenduaren 15ean, astelehenean, 18:00etan

Premios Agustin Ugarte Sariak Amaia Iguaranek eta Egoaizia GKEak jasoko dituzte Agustin Ugarte 2025 Sariak

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Lankidetza Departamentuak gaur iragarri du Agustin Ugarte 2025 Sarien ebazpena. Sari horiek aurten Egoaizia GKEaren (taldeko kategorian) eta Amaia Iguaran Bonillaren (banakako kategorian) ibilbidea eta konpromisoa aitortzen dituzte. 2021az geroztik, Agustin Ugarte Sariek beren bizitza elkartasunari, justizia sozialari eta lankidetzari eskaintzen dieten pertsonen eta erakundeen lana nabarmentzen dute.

Kultura eta Lankidetzako diputatu Goizane Álvarezek nabarmendu du saritutako pertsonen eta erakundeen konpromisoa: “Egoaizia eta Amaia Iguaran Gipuzkoako lankidetzaren tradiziorik onena dira: lankidetza hurbila, feminista eta erabat eraldatzailea. Lan kolektiboak eta uste pertsonal sendoak bizitzak hobetu eta komunitate osoentzako bideak ireki ditzaketela erakusten dute”.

Diputatuak gaineratu duenez, “proiektuez eta datuez harago, sari honekin aitortzen duguna munduan egoteko modu bat da, konpromisoa hartzen, entzuten, ikasten eta laguntzen dutenena. Giza duintasuna printzipio ukaezin gisa defendatzen dutenena. Egoaizia eta Amaia erreferenteak dira, eta bizirik mantentzen dute Agustin Ugarteren espiritua, zeinaren legatuak gidatzen gaituen errealitatea elkartasunetik hezi, sentsibilizatu eta eraldatzeko”.

Amaia Iguaran, Agustin Ugarte 2025 Saria banakako kategorian
Aurten, banakako aintzatespena Amaia Iguaran Bonillak jasoko du. Euskal lankidetzaren funtsezko figura da, eta 25 urtetik gorako ibilbidea du giza eskubideen, berdintasunaren eta feminismoaren defentsan. Ayacuchon (Peru) boluntario izan zen 1997tik 2020ra, eta Euskadiko GGKEen Koordinakundeko genero-taldearen sustatzaileetako bat izan zen. Bere aktibismo feministak Más Mujeres bezalako kolektiboetako kide izatera ere eraman du, bai eta Ongi Etorri Errefuxiatuak bezalako ekimenekin lankidetzan aritzera ere.

2020az geroztik, areagotu egin du Itsas Salbamendu Humanitarioan (SMH) egiten duen lana. Erakunde horrekin lan egiten du eragin politikoan, gizarte-eraldaketarako hezkuntzan eta berdintasuneko prestakuntzan. 2024tik, SMHko presidenteordea da, eta modu erabakigarrian laguntzen du migratzaileen eta errefuxiatuen eskubideak defendatzen. Epaimahaiak honako hau azpimarratzen du: “ikuspegi feminista garapenerako lankidetzan txertatzen aitzindaria da, eta emakumeen, lekualdatutako pertsonen eta muturreko kalteberatasun-egoeretan bizi direnen eskubideen defentsa iraunkorra egiten du”.

Egoaizia, Agustin Ugarte 2025 Saria taldeko kategorian
Egoaizia Eibarren jaio zen 2000. urtean, justizia sozialarekin konprometitutako emakume talde batek bultzatuta. Gaur egun, finkatuta dagoen GGKE bat da, eta hiru ildo estrategikotatik lan egiten du:
— Nazioarteko lankidetza: komunitateei lagunduz, batez ere Perun, garapen integraleko prozesuetan, haien erritmoak, kulturak eta gaitasunak errespetatzen dituzten proiektuekin.
— Ekintza humanitarioa: premiaz esku hartuz Afrikako eta Latinoamerikako gatazka-testuinguruetan eta hondamendi naturaletan, lotura hirukoitzaren ikuspegia aplikatuz berehalako laguntza garapen jasangarriarekin eta bakearen eraikuntzarekin lotzeko.
— Gizartea eraldatzeko hezkuntza: Gipuzkoan kontzientzia kritikoa sustatuz, boluntariotza, eragin politikoa eta herritarren konpromisoa bultzatuz.

Bi hamarkadatik gorako etengabeko lanarekin, Egoaizia elkarlanaren, hurbiltasunaren eta gizarte-eraldaketaren erreferente bihurtu da, Eibartik Amazonaseraino doazen sareak artikulatuz, Tigray, Cusco edo Alto Piuratik ere igaroz. Epaimahaiaren erabakiak honako hau nabarmentzen du: “aliantzak ehuntzeko, feminismoa eta ingurumen-justizia zeharka txertatzeko eta komunitate kalteberekin batera laguntza sakoneko prozesuei eusteko duen gaitasuna”.


Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Kutxa Fundazioa