San Telmo museoak azken asteak bizi ditu “Amazoniak. Antzinako etorkizuna” erakusketarekin. Azken hilabeteetan museoko ardatz nagusia izan den erakusketak ia 20.000 bisita jaso ditu dagoeneko, eta apirilaren 12ra arte egongo da oraindik bisitatzeko aukera.
Amazoniako kulturari begirada korala eskaintzen dion erakusketa hau Centre de Cultura Contemporània de Barcelona (CCCB) erakundearekin elkarlanean antolatu da, eta Claudi Carreras da komisarioa.
Erakusketa agurtu aurretik, azken bisita gidatuak eskainiko dira: astearteetan 10:30ean (gaztelaniaz) eta 18:00etan (euskaraz), eta larunbatetan 10:30ean (euskaraz) eta 18:00etan (gaztelaniaz). Bisitak doakoak dira, baina beharrezkoa da aurrez lekua erreserbatzea web bidez, eta museoko sarrera erostea.
Bestalde, Pazko Asteko haurrei zuzendutako sormen tailerrak ere antolatuko dira, erakusketak jorratzen dituen gaiei lotuta.
Estereotipoetatik urruntzea proposatzen duen erakusketak, artea, pentsamendua, zientzia eta aktibismoa oinarri hartuta, Amazoniako bertako ahotsak lehenesten ditu. Era berean, naturarekin bizitzeko, hazteko eta erlazionatzeko beste modu batzuk ere planteatzen ditu.



Deja un comentario