Inicio » Idiomas » Euskera » Bilintxen Menda, bertsolaritzari buruzko hamabostaldi berria maiatzean Donostian

Kultura

Bilintxen Menda, bertsolaritzari buruzko hamabostaldi berria maiatzean Donostian

Lau jarduera daude aurreikusita maiatzaren 2tik 14ra

Prentsaurrekoa Victoria Eugenian. Argazkia: Donostia Kultura

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak bertsolaritzari buruzko Bilintxen Menda hamabostaldia antolatu dute. Apirilaren 28an Indalezio Bizkarrondo Bilintx bertsolari donostiarra jaio zeneko 190. urteurrena dela eta, lau ekitaldi erakargarri antolatu dira maiatzaren 2tik 14ra.

Hamabostaldi honetan bertsolaritzak azken hamarkadetan izan duen bilakaera eta garapena islatuko da. Jon Insausti Kultura eta Euskara zinegotziak azaldu duenez, «Bilintxen jaiotzaren urteurrena ospatzeko, bertsolaritzak azken hamarkadetan izan duen garapena islatu nahi da.
XX. mendearen amaieratik aurrera, bertsolaritzak aldaketa esanguratsuak izan ditu: gaiak aldatu dira, bertsolariaren profila, generoa (emakumeek protagonismo handiagoa hartu dute), eta abar. Beraz, garapen hori da Hamabostaldiaren abiapuntua, Bilintxen beraren oroitzapenarekin batera».

Hiriak bertsolaritzarekin duen harreman estua gogoratu du Insaustik. «XIX. mendean, bertsolaritzak leku garrantzitsua zuen Donostian». Gaur egun, zinegotziak adierazi duenez, bertsolaritzak indarrean jarraitzen du gure hirian eta Udala lotura hori indartzen saiatu da hamabostaldi hau antolatuz. «2021ean, koronabirusa zela eta, bertso errezitaldi asko bertan behera geratu dira eta Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia atzeratu egin da. Egoera honen aurrean, Donostiak bertsolaritzari beste tarte bat ireki dio Bilintxen Menda hamabostaldia antolatuz».

Xabier Euzkitze bertsolari eta esatari ezaguna arduratu da hamabostaldiaren diseinuaz, koordinazioaz eta izenburu bereziaren sortzailea. Azken hau Bilintxen beraren bertso batean dago oinarrituta.

Aurreikusitako jarduerak honako hauek dira:

1- Bilintxen menda (bertso saio musikatua), maiatzaren 2an, 19:00etan, Antzoki Zaharrean. Bertsolariak: Unai Agirre, Eñaut Agirre, Maddalen Arzallus eta Amets Arzallus. Sarrerak donostiakultura.eus webgunean eta Victoria Eugenia eta Antzoki Zaharreko leihatiletan erosi daitezke.

2- Erdaretatik bertsotara (mahai-ingurua), maiatzaren 6an, 19:00etan, Okendo Kultur Etxean. Jone Uria, Jon Maia eta Aitor Servier bertsolarien testigantzak jasoko dira. Amagoia Mujika kazetariak gidatuko du mahai-ingurua. Gonbidapenak maiatzaren 5etik aurrera egongo dira eskuragarri donostiakultura.eus webgunean eta Okendo Kultur Etxean.

3- Gorbatatik piercingera hitzaldia, Imanol Lazkanoren eskutik, maiatzaren 11n, 19:00etan, Victoria Eugenia Clubean. Hitzaldiaren aurkezpena Xabier Euzkitzek egingo du. Gonbidapenak maiatzaren 10etik aurrera egongo dira eskuragarri donostiakultura.eus webgunean eta Victoria Eugenia antzokiko leihatilan.

4- Bertso errezitaldia, maiatzaren 14an, 19:00etan, Imanol Larzabal aretoan (Lugaritz). Bertsolariak: Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Alaia Martin eta Beñat Gaztelumendi. Joxerra Gartziak egingo ditu gai jartzaile lanak. Sarrerak Donostiakultura.eus webgunean edo Victoria Eugenia antzokiko, Antzoki Zaharreko eta Lugaritz Kultur Etxeko leihatiletan erosi daitezke.


Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Kutxa Fundazioa
Didoe