Bob Pop eta Alba Carballalek ostegun honetan irekiko dute Kultura Departamentuaren ‘Mintza Lagun’ zikloa

Idazleek Identidad izeneko solasaldia eskainiko dute 19:00etan Santa Teresa Komentuan, Gonzalo Tornék gidatuta eta gaztelaniaz

MintzaLagun Bob Pop eta Alba Carballalek ostegun honetan irekiko dute Kultura Departamentuaren ‘Mintza Lagun’ zikloa

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak ostegun honetan inauguratuko du ‘Mintza Lagun Diálogos’ zikloaren hirugarren edizioa, Bob Pop eta Alba Carballal idazleen arteko solasaldi batekin. Saioak Identidad izenburua izango du.

Hitzordua 19:00etan izango da, Santa Teresa Komentuko Areto Nagusian, Koldo Mitxelena Kulturunearen egungo egoitzan, eta Gonzalo Torné idazleak moderatuko du. Solasaldia gaztelaniaz izango da.

Desagertutako Lagun liburu-dendaren balio sinbolikoa abiapuntu hartuta, Mintza Lagun zikloa ideiak trukatzeko eta egungo gaiak ikuspegi kritikotik lantzeko gune gisa planteatzen da, literaturaren eta pentsamenduaren bidez.

Goizane Álvarez Kultura diputatuak adierazi duenez, zikloak sentitzen dugunari eta sinesten dugunari buruzko elkarrizketak proposatzen ditu: “Pentsamendu kritikoak atzera egiten duen garaiotan, gelditzea, entzutea eta eztabaidatzea proposatzen dugu. Kultura ez da apaingarri hutsa; oraina ulertzeko eta etorkizuna irudikatzeko tresna da”.

Bederatzi saio gehiago ekainera arte

Identidad saioan, Bob Popen eta Alba Carballalen arteko solasaldiak fikzioak bestelako errealitateak irudikatzeko duen gaitasuna aztertuko du, normalitate eredu bakar baten existentzia eta horren atzean dauden interesak zalantzan jarriz.

Zikloak ekainaren 26ra arte jarraituko du, bederatzi saio gehiagorekin, eta besteak beste Itxaso Martin, Aitziber Garmendia, Irati Jimenez, Isaac Rosa, Elvira Navarro, Mónica Ojeda edo Kirmen Uribe bezalako egileek parte hartuko dute.

Saioetan zauria, beldurra, indarkeria, nostalgia, irudimen politikoa, adimen artifiziala edo identitate queer-ak bezalako gaiak jorratuko dira, betiere literatura, gizartea eta pentsamendu kritikoa ardatz hartuta.

Zikloko hitzordu guztiak 19:00etan izango dira, Santa Teresa Komentuan, eta saio bakoitzak erreferentziazko liburu bat izango du, Koldo Mitxelena Kulturunearen webgunean eta zikloaren programan kontsulta daitekeena.


Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Kutxa Fundazioa