Musikenek ESAS-Musikene II. Saria eman du, genero-ikuspegia duten Gradu Amaierako Lanei zuzendutako aintzatespena. ESAS – Emakume Sortzaile eta Artisten Sareak Musikenerekin lankidetzan emandako sariaren helburua gazte ikertzaileen talentua ikusaraztea eta musikaren esparruan berdintasuna sustatzea da.
ESAS-Musikene sariaren bigarren edizio honetako irabazlea Daniel García Díaz izan da, “María de Pablosen Castilla poema sinfonikoaren pianorako moldaketa” izeneko Gradu Amaierako Lanarekin. Proiektu hau nabarmendu da María de Pablos konpositorearen musika eskuragarriago eta zabalduago egiteko duen ekarpenagatik.
García Díazek adierazi duenez, Gradu Amaierako Lan honetan aurkeztutako ikerketak egilearen biografia laburra eskaintzen du, eta bere ibilbidearekin batera, De Pablosen obra testuinguru estilistiko batean kokatzen da. Ondoren, arreta “Castilla” poema sinfonikora eramaten da. Testuingurua egin ondoren, analisi labur bat egiten da, non azaleratzen diren elementu estilistiko eta programatikoak, obra orkestral honetan dagoen narratiba argituz.
“Azkenik – García Díazen hitzetan – transkripzio eta moldaketa lanaren azalpena egiten da, baita hizkuntza orkestral batetik piano-hizkuntzara igarotzean hartu diren erabakien berri ere. Helburua da konpositore honen obrarekin harreman berria sortzea.”
Sarituari buruz:
2003an jaio zen Segovian, eta bere prestakuntza Segoviako Kontserbatorio Profesionalean hasi zuen, Hernán Chica, Blanca Palomar eta Vicente Uñón irakasleen gidaritzapean. 2021ean, Don Juan de Borbón Fundazioaren Interpretazio Lehiaketako lehen saria irabazi zuen, eta urte berean hasi zen Musiken-en ikasten, Gustavo Díaz-Jerez eta Katia Skanavi irakasleen zuzendaritzapean.
Halaber, bere prestakuntza aberastu egin da ospe handiko pianisten eskutik jasotako masterclass-ei eta Alemanian egin zuen “Campus Cleve 2022” piano ikastaroko partaidetzari esker. Esperientzia horri esker, Espainiako eta Europako hainbat hiritan eman ditu kontzertuak, eta horrek bere ibilbidea eta gaitasun musikala nabarmen aberastu ditu.



Deja un comentario