Deustuko Lehen Hezkuntzako ikasleek txotxongilo bidezko kontakizunak taularatu dituzte gizarte balioak transmititzeko

Tolosako TOPICekin lankidetzan egindako “TXOTXONGILO Eszena” proiektuak komunikazioa, adierazpen artistikoa eta gizarte balioen transmisioa uztartzen ditu, eta Donostiako Sagrado Corazón Mundaiz ikastetxeko ikasleei aurkeztu zaie

image Deustuko Lehen Hezkuntzako ikasleek txotxongilo bidezko kontakizunak taularatu dituzte gizarte balioak transmititzeko

Deustuko Unibertsitateko Lehen Hezkuntzako graduko eta Lehen Hezkuntza + Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradu bikoitzeko lehen eta hirugarren mailetako ikasleek TXOTXONGILO Eszena proiektuan parte hartu zuten joan den abenduaren 5ean. Diziplina arteko proiektu hau Oihane Korres Alonso eta Maite Amondarain-Garrido irakasleen gidaritzapean burutu da, TOPIC – Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroarekin elkarlanean.

Irakaskuntza Berritzeko proiektu honek etorkizuneko irakasleen gaitasun komunikatiboak, artistikoak eta sozio-emozionalak indartzea du helburu, diziplinarteko ikuspegi baten bidez. Proiektua honako irakasgaien baitan landu da: lehen mailako Gaitasun Komunikatiboak Hezitzaileentzat eta hirugarren mailako Arte Hezkuntza eta Bere Didaktika eta Hizkuntza eta Literaturaren Didaktika II.

Kultur aniztasun gero eta handiagoa eta metodologia aktibo eta sortzaileen beharra dituen gizarte-hezkuntza testuinguruan, ezinbestekoa da etorkizuneko irakasleei komunikazioa, adierazpen artistikoa eta gizarte balioen transmisioa uztartuko dituzten tresnak eskaintzea. Deustuko Unibertsitateak, profesional gaituak eta herritar konprometituak prestatzea duen misioarekin bat, helburu hori jartzen du bere hezkuntza ereduaren erdigunean.

Proiektua garatzeko, TOPICek hainbat prestakuntza-lantegi eskaini dizkie ikasleei txotxongilo antzerkigintzaren inguruan: lehen saioan gidoia nola prestatu landu dute; bigarrenean, txotxongiloen diseinua eta sorkuntza eta eszenografia; eta hirugarrenean, dramatizazioa. Prestakuntza hori jaso ondoren, ikasleek elkarlanean haurrentzako antzezlan bat sortu eta taularatu dute, gizarte balioak sustatzeko helburuarekin.

Proiektuaren gizarte eraginaren adierazle gisa, Deustuko ikasleek sortutako lana Donostiako Sagrado Corazón Mundaiz ikastetxeko Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren mailako ikasleen aurrean antzeztu da. Antzezpenaren ondoren, etorkizuneko irakasleek eta ikusle gazteek lanari buruzko iritziak eta sentsazioak partekatzeko aukera izan dute solasaldi informal batean.


Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Kutxa Fundazioa