Inicio » Idiomas » Euskera » Diputazioak VII. Euskararen Erabilera Plana onartu du
Gipuzkoa

Diputazioak VII. Euskararen Erabilera Plana onartu du

2023-2027 epeari dagokion dokumentu honek Foru Aldundian euskara lan hizkuntza izateko erronkak eta helburuak jartzen ditu

Irune Berasaluze, foru bozeramailea. Argazkia: GFA

Diputatuen Kontseiluak Euskararen Erabilera Plana onartu du, baita ere, gaur egindako bilkuran. 2023-2027 epeari dagokion dokumentu honek Foru Aldundian euskara lan hizkuntza izateko erronkak eta helburuak jartzen ditu eta foru erakundearen baitan indarrean egongo den zazpigarren plana da. “Aurreko urteetan egindako lanak oinarri sendo bat eskaintzen dio Aldundiari, plana garatzeko eta proposatzen diren neurriak gauzatzeko. Euskara foru administrazioan komunikazio, zerbitzu eta lan hizkuntza izan dadin lan egiten jarraitzeko tresna izango da”, aurreratu du Irune Berasaluze foru bozeramaileak.

Berasaluzek adierazi duenez, langileen %96k egiaztatuta dauka dagokion hizkuntza eskakizuna eta horrek “abiapuntu sendoa” eskaintzen dio Aldundiari, behin hizkuntzaren ezagutza hedatuta, datozen urteetan euskararen erabileran “jauzia” eman ahal izateko. Horrela, foru erakundearen 2024-2027 Plan Estrategikoan jasotako helburuetako batean aurrera egiteko aukera eskainiko du Euskararen Erabilera Planak: erakunde mailan, Aldundiaren jarduera euskaratik eta euskaraz izatea.

Lau erronka

Euskararen VII. Erabilera Planak ezartzen duen xedea da foru administrazioa epe laburrean euskararen ezagutza unibertsalizatu eta erabilera lehenetsiko duen erakundea izan dadin lan egitea eta, epe ertainera begira, berriz, “dauzkagun arauetatik abiatuta, datozen urteetan Aldundia euskararen arnasgune soziofuntzional” bihurtu dadin sustatzea. Zeregin horretan, Berasaluzek sakondu duenez, “hizkuntza eskubideen bermeak gidatuko du” Aldundiaren jarduera, “ziurtatuz herritarren hizkuntza aukera errespetatzea, bereziki, administrazioarekin dituzten harremanetan”. Horretarako, euskarak bizi duen egoera soziolinguistiko “desberdin eta desorekatua” kontuan izanda, Aldundiak “lehentasunez” erabiliko du euskara, “eredugarria eta erreferentziazkoa” izateko administrazioari dagokion ardura betez.

Norabide horretan, foru bozeramaileak xehetu duenez, Euskararen Erabilera Planak lau erronka nagusi ezartzen ditu. Lehenik, ezagutzan egindako aurrerapena “sortze hizkuntzan islatzea”, hau da, euskarak foru erakundearen lan hizkuntza gisa duen pisua areagotzea. Bigarrenik, Aldundiko arduradun politiko eta teknikoen “lidergoa” bultzatzea, langileen, herritarren, udalen eta eragile sozioekonomikoen aurrean “euskararen aldeko jarrera proaktiboa” izan dezaten. Hirugarrenik, kudeaketarekin lotutako lan tresna eta lan prozedura guztietan hizkuntzen kudeaketa zehar lerro gisa txertatzea. Eta, azkenik, “kontratazio publiko arduratsuaren” bidez hizkuntzaren normalizazioan eragingo duten “hizkuntza klausula egokiak” garatu eta txertatzea, genero berdintasunean, arlo sozialetan edota ingurumenean egiten den moduan.

 


Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

## Suscríbete a la newsletter semanal de Donostitik.com

¡No enviamos spam! Lee nuestra política de privacidad para más información.