Donostiako Udalak Lola Horcajo eta Juan José Fernández Beobide historialariek hiriaren ondarearen inguruan eskainiko duten hitzaldia antolatu du. ‘Donostiako hiru altxor. 3 jauregi eta 3 parke’ izenburua du, eta Mandasko Dukearen jauregia eta Cristina Enea parkea; Aieteko jauregia eta parkea; eta Miramar jauregia eta parkea izango dira solasaldi honen ardatzak. Hitzordua datorren asteazkenean, hilaren 13an, 19.00etan, izango da Udalbatza aretoan.
2018an Mandasko Dukearen, Fermin Lasalaren, heriotzaren 100 urte bete ziren. Eta, Donostiako alkate Eneko Goiak azaldu duenez, “datu hau aitzakiatzat hartuta eta berak utzitako legatua (Cristina Eneako parkea eta etxea) abiapuntutzat hartuta, hiriko beste bi jauregi eta haien lorategiei buruzko hitzaldia antolatu dugu bi historialari paregabe hauekin”. Alkatearen hitzetan “hiriko hiru ikono eta leku bereziak dira”.
Goiak hiritarrak animatu ditu datorren astean Udalbatzan solasaldian parte hartzera.