EGOk 50 musikari berri aukeratu ditu: azken urteetako zenbakirik altuena

Nahiz eta hautatutako gehienek Musikenen eta CSMNn ikasi, nabarmentzekoa da Kontserbatorio Profesionaletako ikasleen presentziaren gorakada

EGO1 scaled EGOk 50 musikari berri aukeratu ditu: azken urteetako zenbakirik altuena

Ia 160 gazte aurkeztu dira aurten Euskal Herriko Gazte Orkestraren entzunaldietara, orkestrako postuetako bat lortzeko. Parte-hartze kopuru handiak berresten du EGO gazte orkestren artean erreferente den formazio bat dela.

Entzunaldiak telematikoki egin dira, bideo bidezko bidalketaren bitartez, azken urteetan orkestra profesionaletan ere zabaldu den praktikarekin bat eginez. Aurkeztutako materiala instrumentu ezberdinetako musikari adituek osatutako epaimahaiak aztertu du, Rubén Gimeno zuzendari artistikoaren gidaritzapean.

Gimenok entzunaldien kalitatea azpimarratu du: “EGOko kide berrien gaztetasuna nabarmendu nahiko nuke; entzunaldiei aurre egin diote orkestra profesionaletan eskatzen denaren pareko errepertorioarekin. Kalitate nabarmena, heldutasun teknikoa eta musikala erakutsi dute, eta ezbairik gabe, musika maila goreneko etorkizun oparoa bermatzen duten ezaugarriak dira horiek.”

Datu esanguratsuak:
50 gazte aukeratuak izan dira titular gisa eta 38 ordezko bezala. Hautatuen %65 inguru EAE eta Nafarroako erkidegotik datoz, Musikene eta CSMN izanik ekarpen handiena egin duten ikastetxeak.

Era berean, aurten Kontserbatorio Profesionaletatik heldu diren eta plaza bat lortu duten gazteen kopurua handitu egin da. Zuzendariaren hitzetan, heldutasuna eta kalitate goiztiarra erakusten dute. EGOko kide izateko adin-muga 24 urtekoa bada ere, musikarien batez besteko adina 20 urtekoa da.

Hautatuen artean badaude nazioarteko musika-zentro ospetsuetan ikasten ari diren gazteak ere: Hochschule für Musik und Darstellende Kunst Frankfurt, Royal College of Music Londresen, Staatliche Hochschule für Musik Trossingen eta Conservatorium van Amsterdam, besteak beste.

Era berean, erreferentziazko gazte orkestretan ari diren musikarien presentzia aipatzekoa da, hala nola Gustav Mahler Youth Orchestra, EUYO, JONDE, eta baita dagoeneko orkestra profesionaletan jotzen ari diren gazteena ere.

Behin entzunaldiak amaituta, EGOren antolakuntza buru-belarri ari da aurtengo jarduerak prestatzen. Hirugarren topaketa eta izaera ezberdineko hainbat proiektuk osatuko dute 2025eko egutegia.

Gogora dezagun EGO, Eusko Jaurlaritzaren proiektu kultural estrategikoa dela, eta 1997an sortu zenetik, BBK, KUTXA eta VITAL Fundazioen babesa jaso duela. Informazio gehiago: www.egofundazioa.eus


Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Kutxa Fundazioa