Ekain Albite, Rod Llaverías, Inês Nunes, Gala Hernández López, Kavich Neang eta Valeria Hofmannek garatuko dituzte beren zinema-proiektuak Ikusmira Berriaken hamabigarren edizioan

Donostia Zinemaldiaren, Tabakaleraren eta Elías Querejeta Zine Eskolaren egonaldi-programak izen-emateen marka gainditu du berriro, 488 proposamen jaso baitira

ikusmira berriak Ekain Albite, Rod Llaverías, Inês Nunes, Gala Hernández López, Kavich Neang eta Valeria Hofmannek garatuko dituzte beren zinema-proiektuak Ikusmira Berriaken hamabigarren edizioan

Bero itogarria, hondamendi klimatikoaren seinale argi gisa; emakumeen gorputzak, familia-egituren esplorazioa, iragan industriala eta unibertso digitala ageri dira Ikusmira Berriaken hamabigarren edizioan aukeratutako proposamenetan. Lanei forma emateko askotariko bideak jorratu dituzte, eta hainbat genero berrinterpretatu dituzte, hala nola beldurrezko gotikoa, road movie-a, drama psikologikoa edo body horror delakoa. Ekain Albite, Rod Llaverías, Inês Nunes, Gala Hernández López, Kavich Neang eta Valeria Hofmannen proiektuak hautatu dituzte Donostia Zinemaldiak, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta Elías Querejeta Zine Eskolak bultzatutako egonaldietan.

Programak izen-emateen marka hautsi du berriro, 488 zinema-proiektu jaso baitira. Aukeratutako sei proiektuen artean, bost opera prima dira, eta bat bigarren filma. Horrek berresten du Ikusmira Berriakek ikus-entzunezko ahots eta begirada berrien aldeko apustua egiten duela.

Elías Querejeta Zine Eskolaren kategorian, EQZEko ikasleek parte hartzen dute. Edizio honetan, The Spirit Healer is Away for the Weekend lana aukeratu dute, Inês Nunesena (Tavira, 1993). Zuzendari portugaldarraren film labur berriena, A solidão dos lagartos / The Loneliness of Lizards (2025), Canneseko zinema jaialdiko Film Laburren Sail Ofizialean estreinatu zen, eta Donostia Zinemaldiko Nest sailean ere aukeratua izan zen; hain zuzen, azken horretan film labur onenaren Movistar Plus+ saria eskuratu zuen. Lana bi emakumeri buruzkoa da, eta beroak eta turismoak setiatutako Lisboan merkataritza-zentro batean babesten dira. «Leku horiek —zinemagilearen hitzetan— kontsolamendua eta kide izatearen sentimena ematen dute, baina, aldi berean, gure antsietate sakonenak kapitalizatzen dituzten tranpen antzerakoak dira».

Nest kategorian, Zinemaldiko zinema-ikasleen nazioarteko topaketako azken bost edizioetan (2020-2024) aukeratutako zinemagileek parte har dezakete. Aurtengo edizioan La Canícula lana aukeratu da, Rod Llaverías zinemagilearena (New York, 1989). Llaveríasek Darling film laburra idatzi zuen beste egile batekin batera, eta Veneziako zinema jaialdiko (2019) Orizzonti saileko film labur onenaren saria eskuratu zuen. Zinemagilearen lehen film luzeak Tropicalía film laburra garatzen du, 2022an Nest sailean parte hartu zuena, eta Dominikar Errepublikako hiriburuko familia-etxe dekadente batean bizi diren lau emakumeren bitartez, zaintza, dolua, traumak eta nortasuna aztertzen ditu.

Euskal kategorian aukeratutako proiektua Akira da, Ekain Albiterena (Zumaia, 1999). Albite Negu hurbilak (2023) film kolektiboaren zuzendarikidea da; lan horrek aipamen berezia jaso zuen Locarnoko zinema jaialdiko Cineasti del Presente sailean. EQZEko ikasle ohia da Albite, eta bere banakako lehen film luzerako, gauean igarotzen den road movie espektral bat proposatzen du. Bi txatar-biltzaile georgiar dira protagonistak, Lemoizko zentral nuklearretik beren jaioterrira bidaiatzen dutenak.

Espainiako kategorian, Los animales magnéticos proposamena aukeratu da, Gala Hernández Lópezena (Murtzia, 1993). Artista, zinemagile eta ikertzaile honen La Mécanique des fluides lanak 2024an César saria jaso zuen film labur dokumental onenaren kategorian. Proiektuak misteriotsuki lotutako bi emakumeren istorioa kontatzen du: Berlin garaikideko zientzialari bat eta XVIII. mendearen amaierako aristokrata frantziar bat. Biek ala biek amatasuna kudeatzen dute, beldurrezko fikzio gotiko baten bidez, eta doble femeninoaren ideia lantzen da.

Nazioarteko kategorian bi proiektu aukeratu dira. Alde batetik, Valeria Hofmann zuzendari eta gidoilari txiletarraren (Santiago de Chile, 1988) Daemon lana, body-techno horror delakoaren bidez, sistema teknologikoaren ertzetan bizi diren bi pertsonaren istorioa lantzen du: edukien moderatzaile bat eta telefono mugikorrak ekoizten dituen fabrika bateko langile bat. Hofmannen AliEN0089 film laburrak jada habitat teknologikoa esploratzen zuen, eta nazioarteko zuzendaritza onenaren saria irabazi zuen Sundanceko zinema jaialdian (2023), bai eta Clermont-Ferrandeko zinema jaialdiko (2024) Grand Prix Labo saria ere.

Bestetik, Kavich Neang zuzendari kanbodiarrak (Phnom Penh, 1987), Veneziako zinema jaialdian (2021) Bodeng Sar / White Building estreinatu ondoren —non aktore onenaren Orizzonti saria jaso zuen—, Chas Khouch Kmeng Ropus / Bad Man Good Boy bere bigarren film luzearen proiektua aurkeztu du. Lanak bi lagunen coming of age istorioa marrazten du, eta familiari eta testuinguru autoritarioari buruzko gogoeta egiten du.

Egonaldiak zortzi aste iraungo ditu, bi alditan banatuta. Sei zinemagilek osatutako taldea martxoaren 9an iritsiko da Tabakalerara, eta apirilaren 19ra arte izango dute Zinea eta Ikus-entzunezko Laborategian beren proiektua garatzeko aukera. Denbora horretan, bakoitzaren premien arabera, proiektu bakoitzerako berariaz aukeratutako profesionalen aholkularitza jasoko dute. Ekainean, egoiliar bakoitzak laguntza ekonomikoa jasoko du, bi egonaldien artean bere proiektuan lanean jarraitzeko. Irailean, Donostia Zinemaldiarekin batera, Donostiara itzuliko dira egonaldiaren azken bi asteak igarotzeko; fase horretan, beren proiektuak industriako profesionalei aurkeztu ahal izango dizkiete, eta interesdunekin hitzorduen agenda pertsonalizatua izango dute.


Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Kutxa Fundazioa