Elhuyarrek Elhuyar Zientzia hedabide digital berria aurkeztu du

Euskaraz sortutako espazio digital berriak gaur egungo gizartearen erronkak eta jakintzaren arlo desberdinak uztartuko ditu

Elhuyar Zientzia Hedabide Digitala H Elhuyarrek Elhuyar Zientzia hedabide digital berria aurkeztu du

Elhuyarrek gaur goizean aurkeztu du Elhuyar Zientzia hedabide digital berria bere Usurbilgo egoitzan. Plataforma berriak Elhuyarren zientzia eta teknologiako eduki guztiak bateratzen ditu, ikuspegi anitz, tokiko eta globalarekin.

Hedabide berria zientzia.eus eta aldizkaria.elhuyar.eus webguneen uztarketatik sortu da, gaur-gaurko edukien eskaintza eguneratua eta gizarte kritiko baterako begirada berriak eskainiz. Euskaraz sortua da, bertako ahotsekin eta begiradekin, Elhuyarren garatutako teknologiaren laguntzaz, eta mundu zabaleko edukiak ere biltzen ditu.

Garazi Andonegi Beristain, Elhuyarreko Zientzia Unitateko koordinatzailea, eta Aitziber Agirre Ruiz de Arkaute, Kultura Zientifikoko arduraduna, izan dira aurkezpenean. Haien hitzetan, «Elhuyar Zientzia espazio digital aniztuna da, gure moduan ulertzen dugun zientzia erakusten duena: irekia, kritikoa eta euskarazkoa».

Hedabide digital berriak 25.000 eduki baino gehiago eskaintzen ditu formatu desberdinetan: zientziaren inguruko albisteak eta bitxikeriak bideo laburretan, ingurumenari, feminismoari eta zientziari buruzko podcastak, elkarrizketak, euskal ikertzaileen iritziak eta begirada kritikoak, basabizitzaren argazkiak, emakume zientzialarien efemerideak eta herritarren parte-hartzerako guneak. Gai horiez gain, gaur egungo gizartearen kezkak eta erronkak ere jorratuko ditu, hala nola osasun mentala, trantsizio ekosoziala, ingurumenaren egoera eta balioak.

Elhuyar Zientzia hedabide digitalak, gainera, Elhuyarren garatutako teknologia aurreratuenak erabiltzen ditu: itzultzaile automatikoa sei hizkuntzatan (euskara, gaztelania, ingelesa, frantsesa, katalana eta galegoa), testua entzuteko ahots sintetikoak, eduki-proposamen automatikoak eta bilatzaile aurreratua, besteak beste.

Proiektu honekin, Elhuyarrek beste urrats bat eman du zientziaren dibulgazioan eta euskararen presentzia teknologikoan, ezagutza eta gizartea uztartzeko bidean. Elhuyar Zientzia ezagutu: https://zientzia.elhuyar.eus


Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Kutxa Fundazioa