Eszena Kide programako kideek 24 orduko aurresalmenta dute Janus Lesterrek abenduaren 26an Kursaal Auditorioan emango duen kontzerturako sarrerak erosteko. Aurresalmenta gaur osteguna, otsailak 26, 11:30ean hasi da eta bihar, otsailaren 27an, 11:00ak arte luzatuko da.
Sarreren salmenta orokorra bihar, otsailaren 27an, 11:30ean irekiko da. Kontzertua Kursaal Eszenaren programazioaren barruan izango da eta sarrerek 25 euroko prezio bakarra dute, %10eko deskontuarekin Eszena Kideentzat. Sarrerak Kursaaleko leihatiletan eta www.kursaal.eus webgunean erosi ahal izango dira, online salmentarako kanal ofizial bakarra izanik.
Janus Lesterrek, Euskal Herriko egungo ahots bereizgarrienetako batek, Kursaal Auditorioa hautatu du bere kontzertu-bira berriko geldialdi nagusietako bat egiteko. Proiektuaren etapa berri honek ikuspegi artistiko zabalagoa, eszenaratze ausartagoa eta xehetasun handiz landutako zuzeneko bat iragartzen ditu.
Auditorio handietarako jauzia Jokin Pinatxok gidatutako proiektuaren azken urteetako bilakaera azkarraren emaitza da. Hiru urte eta erdian bi disko kaleratu ditu —Ez gaitzala loak harrapatu eta Lore—, Musika Bulegoa saria eskuratu eta 150 kontzertu baino gehiago eman ditu. Lore birari Victoria Eugenia Antzokia beteta ekin ondoren, Bilbao BBK Live jaialdiko agertoki nagusian eta Bilbo zein Donostiako Aste Nagusietako oholtzatan aritu da, publikoarekin duen lotura berezia erakutsiz. Azken lanarekin Top Gazteako lehen postura hirutan iritsi da eta Izaro, Neomak, Nøgen edo Idoia bezalako artistekin kolaboratu du.
JANUS LESTER
2026ko abenduaren 26a, 19:30ean
Kursaal Auditorioa
Sarrerak: 25 €



Deja un comentario