Gipuzkoako foru Ogasunak 227,5 milioi euro azaleratu zituen pasa den 2021 urtean, zerga iruzurraren aurkako borrokan egindako jarduketen ondorioz, Aldundiak bidali duen komunikatuaren arabera. Kopuru horrek %0,7ko igoera suposatzen du 2020 urtearekin konparatuz. Zerga administrazioak 97.412 jarduketa egin zituen pasa den urtean alor honetan, pandemiaren iritsiera urtea izan zen 2020an baino %29 gehiago
Azaleratutakoa zergaz zerga xehatuta, 52,7 milioi euro azaleratu ziren Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan (PFEZ) eta Ondarearen gaineko Zergan; 89,6 milioi euro Sozietateen gaineko Zergan; 71,7 milioi euro Balio Erantsiaren gaineko Zergan (BEZ); eta 13,6 milioi euro gainerako zergetan.
Ogasun eta Finantzetako foru diputatu den Jokin Peronak azaldu duenez, zenbateko osoa 2020 urtekoa baino zertxobait handiagoa da, zehazki 1,7 milioi euro gehiago (+%0,7) azaleratu baitira. «Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat helburu estrategikoa da zerga ihesa borrokatzea eta, honen harira, alor honetan lanean diharduten pertsona guztiak zoriondu nahi nituzke, pasa den urtean egindako lanagatik», adierazi du.