Gipuzkoak ‘Ideiak’ herritarren proiektuen deialdi berria abiarazi du, Iparraldearekin lankidetza indartzen jarraitzeko

Edizio berriak herritarren bozketaren ordez proiektu bakoitzeko laguntza sistema bat jarriko du, 150.000 euroko zuzkidurarekin, ongizatearekin lotutako proposamen berritzaileak bultzatzeko

Irune2 scaled Gipuzkoak ‘Ideiak’ herritarren proiektuen deialdi berria abiarazi du, Iparraldearekin lankidetza indartzen jarraitzeko
Irune Berasaluze.

Gobernu Kontseiluak Ideiak 2025 – Mugaz gaindiko herritar-proiektuak izeneko deialdia onartu du gaur. Ekimenaren helburua da 2022tik mugaren bi aldeetako erakundeen eta herritarren arteko lankidetza sendotzea, Gipuzkoa eta Ipar Euskal Herriaren (Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa) artean urtero proiektu bateratuak bultzatuz, ongizatea, kultura eta kohesio soziala sustatzeko.

Edizio berri honetan, Ideiak programak aurrerapauso bat emango du: laguntzen deialdi bihurtuko da, aurreko edizioetan erabilitako bozketa sistemari uko eginez. Horrela, “elkarteei eta kolektiboei protagonismo eta ekimen handiagoa eskaini nahi zaie, mugaz gaindiko eremuan lotura sendo eta iraunkorrak eraikitzeko duten funtsezko rola aitortuz”, azaldu du Irune Berasaluze foru bozeramaileak.

Deialdiak 150.000 euroko zuzkidura izango du, eta proiektu bakoitzak gehienez 20.000 euroko laguntza jaso ahal izango du. Proposamenak Gipuzkoako eta Pirinio Atlantikoetako eragileek elkarrekin aurkeztu beharko dituzte, edo bi aldeetako kideak izango dituzten taldeek, Hego eta Ipar Euskal Herriko elkarte-sarearen dinamismoa eta lankidetza sustatzeko asmoz.

Proiektu hautatuak Aldundiko ebaluazio batzorde batek aukeratuko ditu, eta Pirinio Atlantikoetako departamentuko adituek ere parte hartuko dute.

Irune Berasaluze Gobernantzako diputatuaren hitzetan, deialdi honek aukera ematen du “gure lurraldean ongizatea, kultura eta gizarte ekintza sustatzeko proiektuak gauzatzen jarraitzeko, bi aldeetako herritarren arteko loturak estutuz”. Bere ustez, “aurreko edizioek agerian utzi dute ongizatean sakontzeko, gure kultura eta hizkuntza bultzatzeko eta gure paisaia zaintzeko interes komuna dugula”.

Era berean, azpimarratu du programak “ideia berritzaile eta bereziak” jartzen dituela abian, “lankidetzaren bidez pertsonen eta lurraldeen ongizatea hobetu nahi dutenak”.

2022an sortu zenetik, Ideiak programak 26 proiektu babestu ditu, urtero 150.000 euroko inbertsioa eginez. 2024an, zortzi ekimenek jaso zuten finantzaketa mugaz gaindiko aurrekontu parte-hartzaileen esparruan.


Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Kutxa Fundazioa