Gipuzkoako enpresen salmentek % 2,3 egin dute gora 2025eko urtarriletik abuztura, aurreko urteko aldi berarekin alderatuta. Hazkunde hori barne-salmentek (+% 3,0) eta esportazioek (+% 1,2) eragin dute. Sektoreka, nabarmentzekoa da zerbitzuen sektoreko salmenten igoera (+% 3,3), gainerako sektoreak eta hazkunde orokorra baino nabarmen handiagoa, nahiz eta industria-sektoreko salmentak (+% 1,6) eta eraikuntzakoak (+% 1,7) ere igo diren, iazko datuekin alderatuta.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuak garatutako txostenak agerian uzten du Europako bazkide komertzial nagusien ahultasuna eta nazioarteko testuinguru ekonomikoaren ziurgabetasunak. Hala, EBrako salmentak % 0,4 igo dira, eta gainerako herrialdeetarako salmentak, berriz, % 2,2. Inportazioei dagokienez, % 2,1 igo dira urteko lehen zortzi hilabete hauetan. Erosketa horien jatorriari erreparatuta, EBko herrialdeetatik egindako erosketek behera egin dute (-% 0,3), eta EBtik kanpoko herrialdeetatik etorritakoen inportazioek, berriz, gora egin dute (+% 9,2).
Lan-merkatuari dagokionez, kopuruak positiboak izaten jarraitzen du, urteko lehen zortzi hilabeteetan enplegatutako pertsonen kopurua % 0,6 hazi baita. Industrian izan da hazkunderik handiena (+% 0,9;) eraikuntzan % 0,6koa izan da eta zerbitzuetan % 0,3koa.
Bestalde, 2025eko lehen zortzi hilabeteetan enpresek ordaindutako soldatak % 5,0 igo dira, aurreko urteko aldi berarekin alderatuta. Soldata-hazkunderik handiena zerbitzuen sektorean izan da (+%5,1), industrian igoera % 5,0koa izan da eta eraikuntzan % 4,8koa. Datuek erakusten dute langile bakoitzeko batez besteko ordainsaria % 4,4 igo dela urteko lehen zortzi hilabeteetan.
Uztaileko eta abuztuko salmentak
Uztaileko salmenten datuek zifra positiboak erakusten dituzte; abuztuan, berriz, datuak negatiboagoak dira, azken hauek oporraldiarekin bat egiten baitute. Horrela, uztailean salmenta guztiak % 7,2 igo dira, batez ere barne merkatuaren ondorioz, non salmentak % 8,8 igo diren; kanpo salmentak, berriz, erdia hazi dira (+% 4,3). Abuztuan, aldiz, guztizko salmentak % 2,5 jaitsi dira, batez ere esportazioen jaitsieragatik (-% 5,6), eta barne-salmentengatik (-% 1,0).



Deja un comentario