Urriaren 24an Liburutegien Eguna dela eta, hiru erakundeek elkarlanean “Interakzio soziala, osasun iturri” izeneko programa antolatu dute. Hemezortzigarren urtez jarraian ospatuko da ekimena eta edizio bakoitzean gai bat lantzen da liburutegien eginkizuna eguneratu eta ezagutarazteko helburuarekin. Aurten aukeratutako gaia liburutegiak giza-harremanetarako gune gisa duten garrantzia azpimarratzea da.
Espazio fisikoek bertan sortzen diren interakzio sozialak bultzatzen dituzte, batzuetan modu naturalean eta beste batzuetan liburutegien sustapenarekin. Beti dira osasungarriak, eta askotan lagungarriak bakardade ezkutua, jazarpen egoerak edo gizarteratze prozesuak behar dituzten bazterkeriak arintzeko.
Egitaraua urriaren 22an hasiko da Andrés Neuman idazlearekin, San Telmo Museoan egingo den topaketan, berak idatzitako Hasta que empieza a brillar liburuaren inguruan. Urriaren 24an jardunaldi profesionala egingo da Victoria Eugenia Cluben, 9:30etik 13:00etara, eta aurretik izena eman behar da. Saioa Oscar Rebolloren hitzaldiarekin hasiko da, eta jarraian Bartzelonako, Madrilgo eta Gipuzkoako liburutegietako esperientziak aurkeztuko dira.
Rebollo Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakaslea eta IGOP-UAB ikertzailea da, eta bere hitzaldian gertuko ekipamenduen, bereziki liburutegien, funtsezko papera azpimarratuko du gizarte-kapitalaren ekoizle eta sostengatzaile gisa. Esperança Pañosek, Bartzelonako Diputazioko Liburutegi Zerbitzuen arduradunak, nahi ez den bakardadearen aurkako politikak eta liburutegien rola azalduko ditu. Estela Gonzalok, Eugenio Trías. Casa de Fieras de El Retiro Liburutegi Publikoko zuzendariak, liburutegia ezagutza, motibazioa eta topaketa sozialerako espazio gisa aurkeztuko du.
Jardunaldiaren azken atalean Gipuzkoako liburutegien praktika onenen gida aurkeztuko da, gizarte-harremanak eta inklusioa bultzatzeko tokiko proiektu eta esperientzia egituratuak jasotzen dituena.
Programak urriaren 26an amaituko du bidea, Tabakalerako zineman Elling filmaren proiekzioarekin.



Deja un comentario