Bihar hasiko da ‘Iparraldea Bertan’ zikloaren 25. edizioa, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak eta Euskal Kultur Erakundeak (EKE) elkarlanean antolatutako ekimena, Ipar Euskal Herrian sortutako euskal kultura sustatu eta zabaltzeko helburua duena.
Goizane Alvarez Kultura diputatuaren hitzetan, ekimenaren xedea da “Iparraldea eta Hegoaldea hurbiltzea”, eta aurtengo edizioan saio guztiak kontzertu formatukoak izango direla nabarmendu du.
Zikloaren lehen hitzordua Jurgi Ekizaren kontzertua izango da. Willis Drummond taldeko kantari eta gitarristak bakarkako bere bigarren lana, ‘Argitzala’, aurkeztuko du, eszenatokian bakarrik, intimitatearen eta moldaketa landuagoen arteko formatuan. Aukera berezia izango da diskoa zuzenean entzuteko eta bere ibilbideko kantu ezagunak beste modu batean gozatzeko.
Kontzertua 19:00etan hasiko da, euskaraz izango da, eta Santa Teresa komentuko areto nagusian egingo da, gaur egun Koldo Mitxelena Kulturunearen egoitza den horretan.
Beste hiru hitzordu
Zikloak beste hiru kontzertu ere izango ditu. Otsailaren 10ean, Habia taldeak ‘Omen’ lana aurkeztuko du, ahots eta polifonia aberatsen bidez gaur egungo poesia eta errealitatea uztartzen dituen proposamenean.
Otsailaren 17an, HORHOR Hirukoteak hainbat poetaren testuetan oinarritutako musika proposamena eskainiko du, ahots biluziak eta instrumentazio sotila ardatz hartuta.
Zikloari amaiera emateko, otsailaren 24an ‘Elimberri’ ikuskizuna izango da, Pantxix Bidart eta Primaël Montgauz artisten eskutik, bi kultura ahaideren arteko topaketa musikala.
Hiru kontzertu hauek 19:00etan izango dira, Santa Teresa komentuko areto nagusian.
Programa osoa eta informazio gehiago: www.gipuzkoa.eus



Deja un comentario