Jaime de los Ríos artistaren instalazio bat inauguratuko da aurtengo San Telmo Gauean, uztailaren 19an

Larunbat honetan egingo da San Telmo Museoaren ohiko udako irekiera berezia, doako sarrerarekin, 20:30etik 24:00etara

Oskar Moreno STM GAUA 1 Jaime de los Ríos artistaren instalazio bat inauguratuko da aurtengo San Telmo Gauean, uztailaren 19an
San Telmo Gaua. Oskar Moreno

Datorren larunbatean, uztailaren 19an, ospatuko da 2025eko San Telmo Gaua. Irekiera berezi honekin, museora gauez eta doan sartzeko aukera izango da, urtero bezala. Lorategi bat soinean erakusketa izango da ikusgai, eta, horrez gain, Jaime de los Ríos artistaren instalazio berria aurkeztuko da: Lorategi ilustratu baten geometria sekretua. Artistak berak aurkeztuko du lana 20:45ean, museoarentzat bereziki sortua baita.

Instalazioak XVIII. mendeko lorategi bat birtualki birsortzen du, kolorez etengabe aldatzen den landare-tapiz baten gainean. Lorategi bat soinean erakusketako jantziekin gertatzen den bezala, kolore eta testura bakoitzak, baita landare-motibo bakoitzak ere, kode bat ezkutatzen du. Instalazioa behatzean, esanahi-geruzak aktibatzen dira, zientifikoaren eta exotikoaren artean, neurritasun arrazionalaren eta ezezagunarekiko harriduraren artean.

Lorategi ilustratu baten geometria sekretua azken batean argi-mapa poetiko bat da, non memoria botanikoa eta ehungintza, moda eta proiekzio digitalarekin uztartzen diren. Lorategiak —errealak nahiz birtualak— denboraz gaindiko istorio, desio eta sinboloz hornitzen jarraitzen duela erakusten du obrak.

Instalazioa larunbatean inauguratuko da, San Telmo Gauean, eta landare-tapizaren bilakaeraren arabera egongo da ikusgai.

San Telmo Gaueko irekieran, aurreko edizioetan bezala, museoa doan bisitatu ahal izango da 20:30etik 24:00etara, eta gau berezi honetarako musika hautaketa bereziak eta taberna zerbitzua ere izango dira, esperientzia osatzeko.


Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Kutxa Fundazioa