Poetika zikloaren zortzigarren edizioak hitzordu berri bat izango du asteazken honetan, otsailaren 11n. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak antolatuta, Jon Obeso eta José Luis Padrónen koordinaziopean eta Musikene-rekin lankidetzan, oraingoan ‘REC’ saio poetikoaren estreinaldia hartuko du, Miren Agur Meabe idazlea eta Ibon RG musikaria protagonista dituena.
Koldo Mitxelena Kulturunea obretan denez, zikloko ekitaldiak aldi baterako Santa Teresa komentuan (Alde Zaharra) egiten ari dira. Bertan izango da emanaldia, arratsaldeko 19:00etan, eta euskaraz garatuko da.
Goizane Álvarez Kulturako diputatuak azpimarratu duenez, Poetika zikloa “diziplina arteko topagunea da, non poesia ahotsetik, musikatik eta arretaz entzutetik bizi den, eta kultur esperientzia partekatu bat ahalbidetzen du”.
Saioari buruz
Miren Agur Meabe idazlea eta Ibon RG musikaria espreski bildu dira REC izeneko saio poetikoa gauzatzeko, eta Donostian eskainiko dute lehenbiziko aldiz. Alde batetik, poetak hogeita bost urtetan zehar landutako uztaren ale batzuk izango dira entzungai; beste aldetik, musikariak, bere estilo esperimentalaren bidez, grabazio baten hotsezko paisaia eraikiko du. Meabek bere ibilbidean nabarmendu diren gaiak sailkatu ahala, Ibon RGk kantu bihurtutakoak ere entzungai izango dira. Bi ahotsen topaldia eta kontrapuntua, memoria poetiko bati eusteko ahaleginean.
Miren Agur Meabek Irakasle-ikasketak eta Euskal Filologia ikasi zituen, eta irakaskuntzan nahiz testu-liburugintzan aritu zen urte luzez. Gaur egun, helduentzat nahiz haur eta gazteentzat idazten du, bai prosa bai poesia landuz. 2022an Euskaltzaindiak euskaltzain oso izendatu zuen, eta 2024ko azaroan erakundeko idazkari izendatua izan zen. Kristalezko begi bat (2013) eta Hezurren erretura (2019) dira bere prosazko lan nagusietako batzuk, eta Amorante frantsesa (2025) da bere azken lana, poema bidez kontatutako eleberria.
Bestalde, Ibon RG duela hiru hamarkada hasi zen Bizkaiko eszena independente eta esperimentalean parte hartzen, bai kontzertuak antolatuz, bai beste musikarien lanak ekoitzi eta moldatuz, eta bereziki musikari gisa hainbat proiektutan jardunez. 2019an kaleratu zuen bakarkako lehen lana, Hil zara. 2024an, Bernat Etxepareren Lingua Vasconum Primitiae liburuko olerki guztiei jarri zien doinua, Itxaro Borda idazleak hautatutako bertsolerroetatik abiatuta. Guztira 16 pieza dira, horietako batzuk a cappella emanak, beste batzuk pianoz lagunduak, eta hainbat kolaboratzaileren ekarpenarekin, hala nola Garazi Navas, Miguel A. García, Verde Prato edo Maite Arroitajauregi Mursego.
Emanaldia arratsaldeko 19:00etan hasiko da Santa Teresa komentuko Areto Nagusian, eta euskaraz izango da.



Deja un comentario