Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak urtean bitan antolatzen ditu hiriko merkatariei eta ostalariei zuzendutako euskara ikastaro bereziak: otsailetik ekainera eta urritik abendura. Otsailaren bigarren astean hasiko den ikastaroan izena emateko epea urtarrilaren 30era arte egongo da zabalik.
Ikastaroak 60 ordukoak izango dira, eta ikasle bakoitzak 60 euro ordaindu beharko ditu. Interesdunek online eman ahal izango dute izena Euskara Zerbitzuaren webgunean edota aurrez aurre Euskara Zerbitzuaren bulegoan bertan (Konstituzio plaza 2).
Ikastaroak hiriko euskaltegietan emango dira: AEK, Ilazki, Hitzez, Legazpi 6, Urrats eta Urumea.
2025ean, guztira, 128 merkatari eta ostalarik parte hartu zuten Udalak antolatutako ikastaroetan. Horietatik 67 lagunek otsaila-ekaina bitarteko ikastaroan parte hartu zuten, eta 61 lagunek, berriz, urritik abendura bitartekoan. Guztira, 13 talde osatu ziren: zazpi otsailean eta sei urrian.
Hasiera maila eta jarraipenekoa
Gipuzkoako Ostalaritza Elkartearekin, San Sebastian Shops-ekin eta Gipuzkoako Merkatarien Federazioarekin lankidetzan antolatzen ditu Udalak merkataritza eta ostalaritza sektoreetako profesionalei zuzendutako euskara ikastaroak.
Ikastaro horien helburua da jendaurreko zerbitzua euskaraz emateko ulermena eta gaitasuna lortzea, eta, horrenbestez, bezero euskaldunei arreta hobea eskaintzea. Horretarako, hasiera mailako ikastaroak eskainiko dira, zerbitzua euskaraz ematen hasteko oinarrizko komunikazio-gaitasuna lantzeko; eta, horrez gain, jarraipen mailako ikastaroak ere izango dira, bezeroekiko nahiz laneko harremanetan euskara erabili ahal izateko.
INFORMAZIO GEHIAGO:
www.donostiaeuskaraz.eus/merkatari/dirulaguntzak/sekzioak/merkatari-eta-ostalarientzako-euskara-ikastaroak/lang/eu




Deja un comentario