Elhuyarrek eta Donostia Kulturak elkarlanean antolatzen dute “Emakume zientzialarien argitan” solasaldi-zikloa. Udazkenean, hiru saio eskainiko dira: irailaren 30ean, urriaren 21ean eta azaroaren 6an. Guztiak 19:00etan izango dira Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian.
Aurrez aurreko elkarrizketen bidez, giza osasunean eragin zuzena duten hiru faktore nagusiren gainean (ariketa fisikoa, ingurunea eta elikadura) ikertzen eta lan egiten duten hiru emakume zientzialari ezagutzeko aukera izango dugu, Ana Galarraga Aiestaran Elhuyarreko zientzia-komunikatzailearen eskutik: Maialen Araolaza Arrieta, Aitana Lertxundi Manterola eta Eli Gallego Moreiro.
Egitasmo honen helburua da emakume zientzialariak ezagutzea. Izan ere, zientziaren eta teknologiaren historian emakumeen ekarpenak ezkutuan geratu dira, eta gaur egun ere nabarmena da emakumeen kontrako diskriminazioa arlo horretan.
2025eko udazkeneko solasaldi-zikloa
- Irailak 30: Maialen Araolaza Arrieta izango da hizlaria, eta izenburu hau izango du solasaldiak: Ariketa fisikoa, ongizaterako giltza.
Maialen Araolaza Arrieta (Eibar) ikerketa biomedikoan doktorea da EHUn. Fisioterapian Diplomatua eta Lizentziatua Ramon Llul Unibertsitatean, eta Telemedikuntzako Masterra Kataluniako Unibertsitate Irekian. Bere doktore-tesian defendatu zuen adineko emakume osasuntsuen errendimendu funtzionalaren desberdintasunak eta gaur egun ildo ezberdinekin kolaboratzen du. - Urriak 21: Aitana Lertxundi Manterola izango da protagonista. Solasaldiak izenburu hau izango du: Ingurunearen osasuna, gure osasuna.
Aitana Lertxundi Manterola (Zarautz) EHUko Medikuntza Prebentibo eta Osasun publikoko irakasle agregatua da, Basque-Environmental Health Research Group ikerketa-taldeko ikertzaile nagusia, BIOGipuzkoa Institutuko Ingurumen Epidemiologia eta Haur Garapeneko ikerketa-taldeko CO-IPa eta CIBERESPeko 28. taldea. 18 urte daramatza ingurumen-epidemiologiaren ildoan lanean. 2007tik INMA (www.proyectoinma.org) proiektuan aktiboki parte hartzen du, Jesus Ibarluzearekin koordinatuta. Europako hainbat proiektutan parte hartu du (ESCAPE, HIWATE eta LifeCycle). - Azaroak 6: Eli Gallego Moreiro nutrizionista eta dietista izango da hizlaria. Solasaldiaren izenburua: Zer da elikadura osasungarria?
Eli Gallego Moreiro (Hondarribia) nutrizionista eta dietista Elikaeskolaren sortzailea eta zuzendaria da. Nutrizionistek eta psikologo klinikoek osatzen dute lantaldea, eta elikadurarekin zerikusia duten asaldurak eta patologiak tratatzen dituzte, alderdi psikologikoari ere arreta jarrita. Heziketari ere garrantzia handia ematen diote, baita ingurune sozialari ere. Ikastaroak, tailerrak eta hitzaldiak eskaintzen dituzte, eta Gallegok berak maiz parte hartzen du komunikabideetan, elikadura osasuntsuan hezteko helburuarekin.
Hiru saioak euskaraz izango dira, 19:00etan, Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian.
Solasaldien audioak Donostia Kulturaren DK Irratiko podcastetan eta Elhuyarren “Emakume zientzialarien argitan” podcastean entzun ahal izango dira. Azken horretan, solasaldi-zikloan parte hartu duten emakume guztien hitzaldiak entzuteko aukera izango da.



Deja un comentario