Chillida Lekuk ostegun honetan inauguratuko du Pilar Belzunce. Erretratu intimoa, Eduardo Chillidaren emaztea eta bere bizitza eta ibilbide artistikoan giltzarri izan zen emakumearen mendeurrena ospatzeko antolatutako erakusketa. Zabalaga baserriko 5. aretoan kokatua, bildumak artistak emazteari eta zortzi seme-alabei egindako erretratuez baliatzen da Pilar Belzunceren nortasunaren eta indarraren hainbat alderdi ezagutarazteko.
Belzuncek eta Chillidak 13 urte zituztenean ezagutu zuten elkar, eta harreman horrek bizitza osorako bidea markatu zuen. Pilarrek jasotako hezkuntza anglosaxoi zorrotzari eta bi kultura arteko esperientziari esker, sendotasun handiko emakumea bihurtu zen. Chillidarengan zuen konfiantza eta intuizio sakonak artistaren erabaki garrantzitsuetan lagun eta babes bihurtu zuten, hala nola futbol profesionala eta arkitektura uztean, edota Parisko ibilbide artistikoaren hasieran.
Bere eguneroko jardunean, Pilarrek Chillidaren ibilbidearen alde praktikoa eta familiarra hartu zuen bere gain: galeria eta museoekin harremanak, ekonomiaren kudeaketa, seme-alaben heziketa… betiere bere senarrari askatasunez sortzeko espazioa emanez. Erakusketak dimentsio horiek guztiak jasotzen ditu, argazki eta objektu pertsonalen bidez, eta Pilaren oroimen, pasadizo eta eguneroko bizipenetan sakontzen du.
Pilarrek artearekiko zuen zaletasuna ere presente dago: eskultura txikiak, loreen akrilikoak eta bere inguruko artistek —Carlos Añíbarro edo Gonzalo Chillida kasu— eginiko erretratuak ikusgai daude. Marrazki intimo eta ez oso ezagunetan, Eduardo Chillidak bere emaztea irudikatzen du lerroaren eta espazioaren arteko jokoan: ileko uhinen xehetasunetan, gorputzaren presentzia ezabatuetan edo paisaia bihurtzen diren profiletan.
Azkenik, erakusketak Pilar Belzunceren paper aktiboa erakusten du Chillidaren ordezkaritzan eta Chillida Lekuren sorrera prozesuan. XVI. mendeko Zabalaga baserriaren berreskuratzeak artea eta natura uztartzeko proiektuaren oinarria jarri zuen. Ekimen hau bisita gidatuek, tailerrek eta emanaldi bereziek osatzen dute: Musikeneko laukote baten kontzertua, marrazki kontzientearen saioa, dantza performance bat eta zeramika tailerrak, bai helduentzat eta bai familientzat.



Deja un comentario