Inicio » Idiomas » Euskera » Aldundiak enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna hobetzeko laguntza-lerroa aktibatu du, 1,8 milioirekin

Aldundiak enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna hobetzeko laguntza-lerroa aktibatu du, 1,8 milioirekin

Besteak beste, belaunaldi-erreleboko, dibertsifikazioko eta enpresen arteko lankidetzako prozesuak babesten dira

Diputatuen Kontseiluak Gipuzkoako enpresa-sarearen aukerak, balio diferentziala eta jasangarritasuna sustatzeko dirulaguntzen programa onartu du gaur. Aurten 1.861.887 euro bideratuko dira horretara, eta batez ere lurraldeko ETEek eta eragile ekonomikoek jaso ahal izango dute. Irune Berasaluze Foru Aldundiko bozeramaileak adierazi duen bezala, “programak 5 ildo desberdin aurreikusten ditu, eta horien bidez, gure ehun ekonomikoarekin ahalegina babesten jarraitu nahi du, eraldaketa eta dibertsifikazioa lortzeko. Gaur egungo ziurgabetasun une honetan, enpresak buru-belarri ari dira egunerokoa aurrera atera nahirik, eta laguntza eman nahi diegu etorkizunari ere begira diezaioten, hobekuntza-proiektuei heltzen eta gure lehiakortasuna bermatuko duten aukera berriak aztertzen jarrai dezaten”.

Deialdiak lehentasuna ematen die ETEek, industria-sektoreko enpresek eta industriari lotutako zerbitzuek garatutako proiektuei, baldin eta enpresen eskaintza dibertsifikatu eta balio-katean birkokatzen badituzte, eta kalitatezko enplegua mantentzen eta sortzen laguntzen badute. Lehen lerroak eta ekonomikoki handiena denak (941.666 euro) Gipuzkoako enpresen aukerak, balio diferentziala eta jasangarritasuna sustatzea du helburu.

Lagundutako jardueren artean daude barne ekintzailetzarekin lotutakoak, ikuspegi anbidiestroa (egungo gaitasunak ustiatzea eta, aldi berean, etorkizuneko garapenerako aukera berriak aztertzea), negozio aukera berriak sortzeko aurrea hartzea, funtsezko konpetentziak, zerbitizazioa edo ekoizpen jarduerak Gipuzkoara itzultzea (‘reshoring’).

Bigarren ildoak enpresa-jardueraren jarraipena bultzatzen du, 269.396 eurorekin. Enpresaren ondorengotza eta/edo transmisioa planifikatzen laguntzea, enpresa-transmisioko prozesuak garatzea eta belaunaldien arteko erreleboa bermatzea du helburu, hausnarketa estrategikoaren bidez, errotzea xede nagusitzat hartuta. Hirugarren ildoak enpresen arteko lankidetzako eta elkarlaneko dinamikak babesten ditu, 291.012 eurorekin, parte hartzen duten enpresen lehiakortasun eta iraunkortasuna areagotzea ekarriko dutenak.

Sektore desberdinen hibridazioaren ondorio diren proiektu berriak lehenesten dira, gutxienez 30 pertsona batera integratzen dituzten enpresak batzen dituztenak. “Enpresen artean gaitasunak eta ezagutza batzea gero eta beharrezkoagoa da gaur egungo egoera konplexu honetan, batez ere kontuan hartzen badugu enpresa txiki eta ertainak direla gure ekonomiaren oinarria, eta gure erronka nagusietako bat dela enpresa-proiektuek tamaina handiagoa izatea”, bozeramaileak azaldu duenez.

Azken bi lerroen helburua da ekonomia sortzailea balorizatzea, batetik, 184.870 eurorekin, eta, bestetik, ekosistema sozioekonomikoan ezagutza sustatzea, sortzea, transferitzea eta partekatzea, 174.943 eurorekin. Azken horren kasuan, programaren ekintza-eremuei lotutako funtsezko ikerketako, industriako edo garapen esperimentaleko proiektuak babesten dira, I+Gko erakundeek, enpresa-elkarteek eta/edo klusterrek eta zerbitzu aurreratu espezializatuetako enpresek garatutakoak. “Helburua da jardunbide egokiak eta metodologia arrakastatsuak sortzea eta zabaltzea”, adierazi du bozeramaileak.

Laguntzen oinarriak laster argitaratuko dira Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, dagokien informazio guztiarekin, eta interesa duten enpresa eta erakunde guztiek aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Iaz, deialdi honen eskutik 89 proiektu babestu ziren. Berasaluzek “esperimentazioaren eta ikasketa kolektiboaren” balioa azpimarratu du, “egungo egoera aldakorra eta exijentea” delako. “Trantsizio digitalak, ekologikoak eta demografikoak erronka handiak planteatzen dituzte, baina baita aukerak ere, eta programa honekin gure enpresei bide eraldatzaile horretan laguntzen jarraitzen dugu. Oraina kudeatzeaz gain, baliabideak izan ditzaten epe luzeko ikuspegia duten proiektuak garatzeko, eta modu iraunkorrean kalitatezko, ongizateko eta aberastasuneko enplegua sortzen jarraitzeko”.


Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Kutxa Fundazioa
Didoe