Inicio » Idiomas » Euskera » Aldundiak sexu indarkeriaren biktimentzako arreta integraleko baliabide nagusia zabaldu du Donostian

Aldundiak sexu indarkeriaren biktimentzako arreta integraleko baliabide nagusia zabaldu du Donostian

Zentroa eguneko 24 orduetan egongo da zabalik, urteko 365 egunetan. Baliabide nagusia Donostian dago eta Arrasate eta Goierriko beste bi zentroekin osatuko da zerbitzua lurralde mailan

Sexu indarkeriaren biktimei arreta integrala emateko foru zerbitzuak dagoeneko badu espazio fisiko bat “Donostiako erdigunean, guztiz irisgarria”, Kamino kaleko 1. zenbakian, berehalako arreta eta akonpainamendu integral eta espezializatua emateko eguneko 24 orduetan, urteko 365 egunetan, berriki edo iraganean sexu indarkeriaren bat jasan zuten edo jasan zutela uste duten emakumeei, haien familiei eta gertukoei. Zerbitzua “herritarrei zabalik” lanean ari da, beraz, dagoeneko; datozen hilabeteetan Arrasate eta Goierrin ezarriko diren zerbitzu berriak ere gehituko zaizkio, gainera.

Hiru zentro hauek irekitzeko lanek 1,1 milioko finantziazioa jaso dute Berdintasun Ministeriotik, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren (PRTR) funts europarren bidez, eta helburua da “indartzea Gipuzkoak gizarte larrialdiko zerbitzuaren bidez ematen duen arreta, hurbileko zentro espezializatuak zabalduta, emakume bakoitzari erantzun integrala emateko”. Gipuzkoaren “berezitasuna” da zentro bakarra izan beharrean, beste bi dituela Arrasaten eta Goierrin, “lurralde oreka mantendu eta ahalik eta gertueneko arreta emateko”.

Arreta guztiz pertsonalizatua da, presentziala nahiz telematikoa –online eta telefonoz–, eta “baita biktima dagoen lekuan ere”, hara joango bailirateke langile teknikoak arreta indibiduala, taldekoa edo ikuspegi komunitariokoa ematera, horrela zerbitzuaren lurralde irismena bermatzeko.

Groseko zentroko obrak, martxan

Mendozak azaldu duenez, «gure lehentasuna izan da udan eta jaien garaian lehen zentroa irekita izatea, orduan baitu, zoritxarrez, indarkeria matxistak eragin handiena; gainera, Donostiako erdigunean eta espazio irisgarri batean zabaldu dugu». Hala, azaldu du oraingo kokalekua behin-behinekoa dela, Gros auzoan aurreikusitako zentroa egokitzeko lanak hilabete batzuk barru amaituko baitira. Bestalde, Arrasateko zentroa, aurreikuspenen arabera, azaroan zabalduko da eta Goierrikoa ere urtea amaitu baino lehen aktibatuko da.

Marisol Garmendia Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak azpimarratu duenez, «sexu-indarkeriaren biktima diren emakumeak babestea lehen mailako lehentasuna da Espainiako Gobernuarentzat. Horregatik, funtsezkoa da erakundeen arteko lankidetza. Espainiako Gobernua, Eusko Jaurlaritza, aldundiak eta udalak elkarrekin eta norabide berean ari gara arraunean. Donostian irekitzen den 24H Krisi Zentroa horren adibide da, biktimen babesa ahalik eta eskakizun handieneko parametroekin hobetzen jarraitzeko modua baita».

Gipuzkoako hiriburuaren kasuan, Zentroak 1,1 milioi euro baino gehiagoko finantzaketa du Berdintasun Ministeriotik Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planeko Europako funtsen bidez abiarazteko.

Ahalegin kolektiboa”

Gipuzkoako diputatu nagusiak gogorarazi du Gipuzkoan lehendik ere artatzen dela sexu indarkeria, ohiko zerbitzuen bidez, eta, larrialdiko kasuak, Gizarte Larrialdien Foru Zerbitzuaren bidez. “Hiru zentro berri hauekin aurrerapauso bat eman eta emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktimak artatzeko sare guztia indartuko dugu”. Bestetik, zerbitzu honek ez du suposatzen soilik zentroak fisikoki zabaltzea, atzean lan handia egin da arreta eredua definitzeko, eta lan hori Emakunderekin, Araba eta Bizkaiko aldundiekin ea Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berdintasunerako Organoarekin lankidetzan egin da.

24 orduko arreta-zentroa irekitzeak, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta integrala emateko Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatzen dituen zerbitzu, programa, foro eta baliabideekin batera, aukera ematen du erantzunak hobetzen jarraitzeko eta indarkeria-mota horri aurre egin behar diotenei arreta integralagoa emateko, «erantzun guztiz pertsonalizatua eskaintzeko emakume bakoitzari». “Azken batean, gure asmoa da oraindik estali ez diren beharrei erantzutea eta berriz biktimizatzea eragoztea”, azaldu du diputatu nagusiak.

Mendozak adierazi duenez, lurralde-ikuspegitik, erantzunkidetasunetik eta ekintzara bideratutako jardueratik abiatuta, «elkarrekin lan egiten jarraituko dugu emaitza ukigarriak eta ikusgarriak lortzeko». Horregatik, azken urteotan, Gipuzkoako Foru Aldundiak indartu egin ditu indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta emateko foru zerbitzuak eta baliabideak.

Horretarako, 2023an, Gipuzkoan Indarkeria Matxistaren Aurreko Arreta Koordinatzeko Erakundearteko Mahaia aktibatu zen, Aldundia buru dela. Topaketa politiko-teknikorako gune bat da, indarkeria matxistaren biktima izan diren edo diren emakumeen arretan inplikatutako erakundeak eta organoak biltzen dituena, «alde bakoitzak egiten dituen jarduerak koordinatzeko, eta, horrela, gizarte osoarentzat onuragarria izango den informazio-trukea mantentzeko».

Diputatu nagusiak, gainera, azpimarratu du indarkeria matxistaren arazoaren konplexutasunak eta haren izaerak esku hartzeko eredu espezifiko bat hartzea eskatzen dutela, eta ezinbestekoa dela eskutik aurrera egitea. Azpimarratu duenez, «ahalegin kolektibo handia egiten ari gara gizarte-politikak etorkizuneko palanka gisa kokatzeko, baita indarkeria matxistaren eremuan ere», eta, adierazi duenez, biktima diren emakumeei arreta emateko 32 plaza izatetik 66 plaza izatera igaro da azken urteetan, urtero 1.300 emakumek baino gehiagok foru zerbitzuen bitartez laguntza psikologikoa jasotzen dute, eta datozen hilabeteetan 24 plazako zentro berri bat irekiko da Gipuzkoan, «foru baliabideetan bizi diren emakumeekin batera diseinatu dena».


Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Didoe
Kutxa Fundazioa