Maiatzaren 14an abiatuko da Altzako XIII. Naturaldia eta ekainaren 5era arte luzatuko da, natura eta kultura uztartzen dituen egitarauarekin. Aurten ere jarduera gehienak auzoko parkeetan egingo dira, adin guztietarako proposamenekin.
Ekimenaren helburua auzotarren jakin-mina piztea eta naturarekiko errespetua sustatzea da. Ildo horretan, antolatzaileek nabarmendu dute adimen artifizialaren garaian giza sorkuntzari eta irudimenari —euskal mitologiari, besteak beste— protagonismoa eman nahi zaiola.
Egitaraua Altzako Historia Mintegiak, Plus 55ek eta Donostia Kulturak prestatu dute, eta jarduera guztiak doakoak izango dira.
Egitarauan, maiatzaren 14an egingo da lehen jarduera: Herrera-Miracruz-Ulia ibilbidea, bi orduko bisita gidatuarekin Ulia Interpretazio Zentroan. Irteera Herrerako Euskotren geltokitik izango da, 08:30ean.
Maiatzaren 15ean eta ekainaren 5ean, berriz, “Natura elkarrekin eraikitzen” ikastaro laburra eskainiko da, Arantza Martinez Etxarriren gidaritzapean. Saio horietan sormena landuko da, ipuin labur kolektibo bat sortuz naturan murgilduta.
Bestalde, maiatzaren 16an Azken eguzkilorea antzezlana izango da ikusgai, Patata Tropikalaren eskutik. Antolatzaileek azpimarratu dute lehen aldiz eskainiko dela Altzan eta natura eremu batean.
Naturaldiak beste hainbat jarduera ere bilduko ditu ekainaren 5era arte.



Deja un comentario