‘Ander eta Yul’ filmaren 4K bertsio zaharberritua emango dute Zinemaldiko Klasikoak sailean

Ana Díezen film luzea Boloniako L'immagine Ritrovata laborategietan zaharberritu dute, eta zinemagile nafarrak Euskadiko Filmategiaren Saria jasoko du

Ander eta Yul 'Ander eta Yul' filmaren 4K bertsio zaharberritua emango dute Zinemaldiko Klasikoak sailean

Euskadiko Filmategiak eta EITBk Ander eta Yul (Ana Díez, 1988) filmaren zaharberritzea aurkeztu dute asteazken honetan Tabakaleran. 4K-n zaharberritutako bertsioa irailean proiektatuko da Donostia Zinemaldiko Klasikoak sailean, duela 38 urte estreinatu zen jaialdi berean.

Aurkezpenean izan dira Ana Díez zuzendaria, Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea, Vanesa Fernández EITBko Kultura eta Euskara zuzendaria, José Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendaria eta Joxean Fernández Euskadiko Filmategiko zuzendaria.

Filmoteca Españolan gordetzen zen jatorrizko negatiboa 2025eko irailean eraman zuten Boloniako L’immagine Ritrovata laborategietara. Bertan, materiala aztertu, eskuz konpondu eta ultrasoinuen bidez garbitu zuten. Ondoren, eskaneatu eta digitalki zaharberritu zuten: irudia egonkortu, marrak eta zikinkeria kendu eta kolorea zein soinua berreskuratu zituzten.

Zaharberritze prozesua Ana Díez zuzendariak berak eta Gonzalo Fernández Berridi filmeko argazki-zuzendariak gainbegiratu dute, Euskadiko Filmategiko teknikarien laguntzarekin.

Kopia zaharberrituak nazioarteko hainbat hitzordutan ere parte hartuko du. Horien artean daude National Film Institute Hungary erakundeak antolatutako Budapest Classics Film Marathon jaialdia, irailaren 15etik 20ra egingo dena, eta Alemaniako Zinematekak sustatutako Berlingo Film Restored – The Film Heritage Festival, urrian.

Proiektua EITBk eta Euskadiko Filmategiak finantzatu dute, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin.

Euskadiko Filmategiaren Saria

Bestalde, Donostia Zinemaldiaren testuinguruan, Euskadiko Filmategiak Ana Díez sarituko du bere ibilbidea aitortzeko. Filmategiaren Sariak euskal zinemagintzako figura garrantzitsuak omentzen ditu, eta aurreko urteetan Pedro Olea, Montxo Armendáriz, Anjel Lertxundi, Xabier Elorriaga, Alfonso Ungría eta José Julián Bakedano zuzendariek jaso dute.

Ander eta Yul 1988ko Donostia Zinemaldian estreinatu zen, Zabaltegi-New Directors sailean. Filmak Ander protagonistaren istorioa kontatzen du: droga-trafikoko delitu batengatik urteak kartzelan eman ondoren etxera itzultzen da, dena aldatu dela ohartzeko. Testuinguru horretan, Yul seminarioko kide ohiarekin egingo du topo berriro.

Síguenos en nuestro canal de WhatsApp o apúntate a nuestro newsletter para recibir las principales noticias de la semana

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Vivienda y agenda urbana
Kutxa Fundazioa
Lagunkoia Plaza