Basque Team Fundazioak 2026an goi-mailako 81 kirolari (38 emakume eta 43 gizon), 20 entrenatzaile (16 gizon eta 4 emakume) eta 3 epaile (emakume bat eta bi gizon) bekatuko ditu. Patronatuak onartutako laguntzen zenbatekoa 1.027.300 eurokoa izango da.
Aurtengo deialdian 126 eskaera jaso dira; horietatik 104 onartu eta 22 baztertu egin dira. Bekak aurreko denboraldian nazioarteko txapelketetan lortutako emaitzen arabera esleitzen dira, Europako eta Munduko txapelketetan nahiz Joko Olinpiko eta Paralinpikoetan lortutako lorpenak kontuan hartuta.
Laguntza ekonomikoaz gain, bekadunek zerbitzu biomedikoak, fisioterapia, laguntza teknikoa, kirol psikologia, komunikazio arloko aholkularitza eta Laneratzea programaren bidez prestakuntza akademiko eta laneratzerako orientazioa jasoko dituzte.
Basque Teamen bekadunen artean jarraitzen dute, besteak beste, Maialen Chourraut, Lucas Eguibar, Iñigo Llopis eta Asier Garcia. Aurten, berriz, lehen aldiz sartuko dira Adrián García, Olaia Martínez, Eñaut Urkaregi, Malen Monasterio, Jone Alba, Leire Goñi, Oier Díaz, Annette González-Etxabarri eta Malen Osa.
Entrenatzaileen artean bekadun berriak izango dira Iratxe Astigarraga, Xabier Irazu eta Yago Hermida; epaileen artean, berriz, Uxue Zabala.
Bestalde, Basque Teamek 525.000 euro bideratuko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko kirol-erakundeen goi-mailako proiektuetara. Guztira 20 proposamen aurkeztu dira, eta bederatzik lortu dute laguntza jasotzeko beharrezko puntuazioa: eslalom piraguismoa, sprint piraguismoa, surfa, atletismoa, eskubaloia, belar-hockeya, skatea, gimnasia erritmikoa eta igeriketa. Laguntzen helburua Los Angeles 2028ko eta Frantziako Alpeetako 2030eko Jokoetarako prestatzen ari diren euskal kirolarien bidea indartzea da.





Deja un comentario