Donostiako Orfeoiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) Donostiako Orfeoia-EHUren XXV. Sarien banaketa egingo dute uztailaren 10ean, ostirala, 17:00etan, Miramar Jauregian, EHUren Uda Ikastaroen barruan. Ekitaldiaren buru izango dira Antxon Elosegi, Donostiako Orfeoiko lehendakaria, eta Juana Goizueta, EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordea.
Aurtengo edizioan, Nerea Erbiti Larralde ikertzaileak «Musika ikerketa sustatu eta bultzatu» saria jasoko du, Afinazio neutroa euskal kantu monodikoetan: Lehen Mundu Gerra garaian (1916-1917) Alemanian euskal presoei egindako grabazioen azterketa lanagatik. Epaimahaiak, halaber, Arturo Reverter musika kritikariaren eta Benito Lertxundi kantariaren ibilbidea aitortu nahi izan du, musikaren garapenari eta zabalkundeari urte luzez egindako ekarpenagatik.
Sari-banaketaren aurretik, mahai-inguru bat egingo da sarien 25 urteko ibilbidea eta eragina aztertzeko. Bertan parte hartuko dute Jose Luis de la Cuesta sariaren sustatzaile eta epaimahaikideak, aurreko edizioetako saridun Eli Arabaolaza, Gotzon Ibarretxe eta M.ª Victoria Urruzolak. Moderatzaile lanetan Jon Bagüés arituko da, Eresbileko zuzendari ohia eta Donostiako Orfeoiko Zuzendaritza Batzordeko kidea.
Ekitaldiari amaiera emateko, Donostiako Orfeoiak bere ohiko errepertorioko hainbat obra interpretatuko ditu emanaldi labur batean.





Deja un comentario