Frédéric Chopin konpositore poloniarraren musika izango da protagonista Donostian 2026-2027 denboraldian, Donostia Musikarekin elkarlanean antolatutako hamar kontzertuko zikloaren bidez. Emanaldiak urritik ekainera bitartean izango dira, Victoria Eugenia Antzokian eta Antzoki Zaharrean, eta ziklorako abonamenduen aurresalmenta gaur, irailaren 10ean, 11:30ean hasiko da Donostia Kulturako bazkideentzat.
Zikloan Miguel Ituarte, Szymon Nehring, Alfonso Gómez, Jon Urdapilleta, Marta Zabaleta eta Judith Jáuregi pianistak ariko dira Victoria Eugenia Antzokian. Sara Perarnaud eta Sofía Huerta gazteen emanaldiak, berriz, Antzoki Zaharrean izango dira. Horrez gain, Sylwia Salamonska-Baczyk sopranoa Teodora Oprisor pianistarekin ariko da Victoria Eugenia Club Aretoan, eta Samuel Arroyok haurrei zuzendutako kontzertua eskainiko du.
Lehen hitzordua urriaren 7an, 19:30ean, izango da Victoria Eugenia Antzokian. Miguel Ituartek emango dio hasiera zikloari, Chopinen Opus 10 eta 25 estudioen hautaketa batekin. Azaroaren 11n Szymon Nehring pianista poloniarraren txanda izango da; beste obra batzuen artean, mazurken hautaketa bat interpretatuko du.
Donostiako musikari gazteek ere leku nabarmena izango dute egitarauan. 20 urteko Sara Perarnaudek, Parisko Kontserbatorioko azken mailetako ikasleak, Chopinen Pianorako 1. kontzertuaren soka-laukoterako bertsioa eskainiko du otsailaren 3an. 15 urteko Sofía Huertak, berriz, Pianorako 2. kontzertuaren soka-laukoterako bertsioa interpretatuko du otsailaren 17an. Bi kontzertuen aurretik Musikeneko ikasleek Chopinen preludioak eskainiko dituzte.
Egitarauak beste hainbat hitzordu izango ditu neguan eta udaberrian. Sylwia Salamonska-Baczyk eta Teodora Oprisor urtarrilaren 27an ariko dira; Samuel Arroyok haurrei zuzendutako kontzertua eskainiko du otsailaren 20an; Alfonso Gómezek martxoaren 10ean joko du; Jon Urdapilletak, apirilaren 28an; eta Marta Zabaletak, maiatzaren 5ean.
Zikloari Judith Jáuregui donostiarrak emango dio amaiera ekainaren 9an Victoria Eugenia Antzokian. Chopinen hiru impromptu interpretatuko ditu eta, kontzertua eta zikloa ixteko, konpositorearen lan ezagunenetako bat eskainiko du: Andante spianato et grande Polonaise brillante.
Zikloko abonamenduak 115 euro balio du, eta 50 euro 30 urtetik beherakoentzat, eta Victoria Eugenia Antzokiko areto nagusiko eta Antzoki Zaharreko kontzertuetarako sarbidea ematen du. Donostia Kulturako bazkideek gaur 11:30etik bihar 11:30era izango dute abonamendua erosteko aurresalmenta berezia. Ondoren, irailaren 11tik 16ra egongo da salgai Donostia Kulturaren webgunean eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatilan. Abonamendua erosten dutenek Frédéric Chopinen biografia eta hari buruzko artikuluak biltzen dituen liburu bat jasoko dute opari. Sarrera solteak irailaren 17an, 11:00etan, jarriko dira salgai.



Deja un comentario