Donostia, 2026ko Berrikuntzaren Europako Hiriburua izatetik gero eta hurbilago

Hiria “Europako hiri emergente eta berritzailea” kategorian lehiatzen da; beste finalista bi Nikosia (Zipre) eta Aalborg (Danimarka) dira. Irabazlea abenduaren 4an iragarriko da, Turinen

FOTO ICAPITAL Donostia, 2026ko Berrikuntzaren Europako Hiriburua izatetik gero eta hurbilago

Donostiak, Donostia Sustapenaren eskutik, Europako Berrikuntzaren Kontseiluak ematen duen errekonozimendu handiena lor dezake: 2026ko Europako Hiri Emergente eta Berritzaile izatea.

Urtero, Europako ehunka hirik aurkezten dituzte beren proposamenak iCapital sariak deituriko lehiaketara, helburua herritarrak, erakunde akademikoak, enpresak eta agintaritza publikoak konektatzen dituzten eta aldaketa eraldatzailea bultzatzen duten hiriguneak goraipatzea delarik.

Sariak bi kategoriatan banatzen dira:

  • “Berrikuntzaren Europako Hiriburua” (250.000 biztanle baino gehiago dituzten hirientzat). Irabazleak 1 milioi euro jasotzen ditu, eta bi finalistek 100.000 euro.
  • “Europako hiri emergente eta berritzailea” (50.000 eta 249.999 biztanle bitarteko hirientzat). Irabazleak 500.000 euro jasotzen ditu, eta bi finalistek 50.000 euro.

Donostiak uztailean aurkeztu zuen bere hautagaitza “Europako hiri emergente eta berritzailea” kategorian, Connecting for Impact (Inpaktua sortzeko konektatzea) lelopean. Aurkeztu ziren hautagaitza guztien artean, sei finalistetako bat izendatu dute. Donostia Sustapeneko ordezkariek proposamena telematikoki defendatu zuten Europako Batzordeko adituen batzorde baten aurrean, EKINNen, irailaren 26an.

Donostia hiru finalisten artean dago, Zipreko Nikosia eta Danimarkako Aalborg hiriekin batera. 2026ko Europako Hiriburua abenduaren 4an iragarriko da, Turinen, egungo Berrikuntzaren Europako Hiriburuan.


Ane Oyarbide, Donostiako Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotziak, honela adierazi du:

“Gure hiria hiru finalistetako bat izatea zientzia, berrikuntza eta hiri-garapeneko hiria garela baieztatzen du. Urteetan zehar ekosistema sendo bat eraiki dugu, arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzarekin, ikerketa-zentroekin, ekintzaileekin eta konprometitutako udal-politikekin. Emaitzak, orain, gure mugetatik harago ere aitortuak dira.”

Oyarbidek azpimarratu du ez litzatekeela posible izango “errealitate hori posible egin duten pertsona guztien lan eta lankidetzarik gabe: ikertzaileak, enpresak, unibertsitateak eta herritarrak”.


Lehiaketak saritzen ditu gobernantzako jardunetan esperimentazioa txertatzen duten eta teknologiaren mugak herritarren mesederako zabaltzen dituzten Europako hiriak.
Kalkuluen arabera, Europako biztanleriaren ia %85 hirietan biziko da 2050erako; horregatik, zerbitzuen eskariaren eta baliabideen kontsumoaren gorakadari aurre egiteko gaitasuna funtsezkoa izango da hirien jasangarritasuna eta erresilientzia bermatzeko.

Iñigo Olaizola, Donostia Sustapeneko zuzendari gerenteak, eskerrak eman dizkie “proposamenaren prestaketan eta hautagaitzaren defentsan parte hartu duten tokiko berrikuntza-eragileei”. Haren hitzetan, “Berrikuntzaren Europako Hiriburua izateak ikusgarritasun handiagoa emango lioke tokiko ekosistemari, eta hiriak berrikuntza-plataforma gisa duen rola indartuko lukete konexio, lankidetza eta proiektu berriek”.


Gero eta gehiago dira berrikuntzaren saiakuntza-banku moduan jarduten duten eta gizartearen erronkei aurre egiteko herritarren ekimenak bultzatzen dituzten hiriak —besteak beste, klima-aldaketaren, digitalizazioaren, hazkunde jasangarriaren edo gizarte-kohesioaren arloetan. Hiriak etorkizun hobea lortzeko berritzen dira, prozesuan demokrazia eta herritarren eskubideak sendoago eginez.

Aurtengoa iCapital sarien 11. urteurrena izango da; lehen aldiz 2014an eman zen saria.
Berrikuntzaren Europako Hiriburu izan diren hirien artean daude, besteak beste, Bartzelona (2014), Amsterdam (2016), Paris (2017), Atenas (2018), Nantes (2019), Lovaina (2020), Dortmund (2021), Aix-Marseille Provence Metropole (2022), Lisboa (2023) eta Turin (2024–25).
Hiri emergente eta berritzaileen kategorian, berriz, Vantaa (2021), Haarlem (2022), Linköping (2023) eta Braga (2024–25) izan dira irabazleak.

Donostia Sustapenak dioenez, iCapital sariaren moduko deialdietan parte hartzea hiriaren estrategiaren parte da, Donostia berrikuntzaren nazioarteko hub bihurtzeko bidean.


Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Kutxa Fundazioa