Donostia Kirolak datorren astelehenean, ekainaren 15ean, emango dio hasiera udako denboraldiari udal kirol-instalazioetan. Egun horretan irekiko dituzte Altza, Etxadi eta Intxaurrondoko kanpoko igerilekuak, baita Paco Yoldiko ur-jokoak eta solariuma ere.
Aldi berean, udako ordutegiak sartuko dira indarrean Donostia Kirolaren sare osoan.
Igerilekua duten kirol-instalazioak egunero egongo dira zabalik, igande eta jaiegunetan ere bai. Altza, Paco Yoldi, Etxadi eta Intxaurrondoko kiroldegiek 09:00etatik 20:30era arteko ordutegia izango dute asteburuetan eta jaiegunetan. Kanpoko igerilekuak eta ur-jokoak, berriz, 10:00etatik 20:00etara erabili ahal izango dira egunero.
Astelehenetik ostiralera urteko ohiko ordutegiei eutsiko zaie. Paco Yoldi 06:30ean irekiko da eta Altza 07:00etan. Egia kiroldegiak ere ordu erdi aurreratuko du irekiera eta 08:30ean zabalduko ditu ateak.
Iñaki Gabarain Kiroletako zinegotziaren hitzetan, kanpoko igerilekuen irekierak “milaka donostiarrentzat urteko sasoirik desiratuenetako baten hasiera” markatzen du, eta udan topagune, aisialdi eta jarduera fisikorako gune bihurtzen dira.
Udalaren datuen arabera, 2025eko udan 500.000 erabilera baino gehiago zenbatu ziren hiriko kirol-instalazioetan, batez beste egunean 5.800 erabiltzaile inguru.





Deja un comentario