Donostiako Aste Nagusiko hitzordu berezienetako bat hurbiltzen ari da. Donostiako Orfeoiak, urtero bezala, La Salve interpretatuko du abuztuaren 14an Koruko Andre Mariaren Basilikan egingo den Ama Birjinaren bezperako mezan. Bigarren urtez jarraian, abesbatzak bertaratzen diren herritar guztiak gonbidatuko ditu Licinio Reficek konposatutako obra hunkigarria elkarrekin abestera.
Horretarako, herritarrek bi entsegutan parte hartu ahal izango dute Basilikan bertan: abuztuaren 13an, 19:00etan, eta abuztuaren 14an, 18:00etan. Bigarren entsegu hori Fernando Prado Donostiako gotzainak 18:30ean emango duen Eukaristiaren aurretik egingo da. Orfeoiak eta bertaratutako fededunek La Salve 19:15ean interpretatuko dute.
Ekitaldi berezi horren bidez, parte-hartzaileek 1934an hasitako tradizio baten parte izateko aukera izango dute. Urte hartan interpretatu zuen lehen aldiz Donostiako Orfeoiak Ama Birjinari eskainitako obra hau. Licinio Reficek, hain zuzen ere, Koruko Andre Mariaren Basilikan Orfeoiak abesteko konposatu zuen pieza.
Hurrengo egunean, abuztuaren 15ean, abesbatza Basilikara itzuliko da 11:30ean ospatuko den Meza Nagusian parte hartzeko.
La Salve prestatzeko, Orfeoiak QR kode baten bidez grabazio bat jarri du herritarren eskura.

Bestalde, emanaldian parte hartu nahi duten Orfeoiaren kantari ohiek akreditazioa eskatu beharko dute. Horretarako, [email protected] helbidera mezu elektroniko bat bidali beharko dute, bertan izen-abizenak eta telefono mugikorraren zenbakia adierazita. Horrela, akreditazioa QR formatuan jasoko dute.

