Inicio » Idiomas » Euskera » Mintzalaguna egitasmoak 30 urte beteko ditu

Mintzalaguna egitasmoak 30 urte beteko ditu

2022/2023 ikasturtean parte hartzeko izen ematea zabalik da urriaren 21era arte

Ikasturte honetan, 30 urte beteko ditu Mintzalaguna egitasmoak. Euskara ikasten ari direnei, ezagutza praktikan jartzeko helburuz sortu zuen Bagera elkarteak egitasmoa 1993ko abenduan. Mintzalaguna egitasmoak, euskaraz aritzeko lotsa eta akatsak egiteko beldurra gainditu, erabileran trebatu eta hizkuntza ohiturak aldatzen laguntzeko espazio eroso bat eskaintzen du. Astean behin, euskaraz hitz egiteko elkartzen dira mintzalagunak talde txikietan, solasaldi lasaian. Euskaraz hitz egiteko ohitura duen lagun bat eta euskara praktikatu nahi duten beste bi edo hiru lagunek osatzen dute mintzalagun taldea.

Sortu zenetik 5000 donostiarrek parte hartu dute Mintzalagunean, euskara praktikatuz edo praktikatzen lagunduz. Asteroko hitzorduez gain, mintzalagunari esker, Bagerak antolatzen dituen beste jardueretan parte hartzeko aukera dute baita Donostian antolatzen diren euskarazko ekintzetan ere.

Egitasmo hau euskaraz aritzeko ohitura, bidelagunak eta trebetasuna eta erraztasuna lortu nahi duten euskara ikasleei, bidelariei, zuzenduta dago. Berebiziko garrantzia du egitasmoak ezagutzatik erabilerarako jauzia emateko.

Izen ematea zabalik urriaren 21ra arte
20222/2023 ikasturtean parte hartzeko izen ematea zabalik da urriaren 21era arte. Donostiako Euskara Zerbitzuak eta Bagera elkarteak lortutako akordioari esker, 25 euro ordaindu behar dute soilik praktika behar duten parte hartzaileek.

Beraz, euskara praktikatu nahi dutenek eta praktika horretan lagundu nahi duten euskaldunek izena emateko aukera dute. Izena emateko bide nagusia Bagera elkartearen www.bagera.eus webgunea izango da. Horrez gain, Bagera elkartean (Hernani kaleko 15. zenbakian) ere egin daiteke. Informazio gehiago 943005074 telefono zenbakian edo [email protected] helbidean eskura daiteke.

Euskaraz gehiago hitz egin nahi baduzu, edo euskaraz hitz egiteko gaitasuna landu nahi baduzu, hau da zure aukera. Parte hartzeko bi baldintza bete behar dira: euskaraz komunikatzeko gai izatea (B.1 mailatik gora) eta astean ordubetez elkartzeko prest egotea.

Probatu ez duenak ez daki zer den hau!
Mintzapraktika ongi pasatuz euskara praktikatzeko ezagutzen duten aukerarik onena dela diote parte hartzaileek. Laguntasuna eta babesa transmititzen dituen jendez inguratuta, Mintzapraktikan euskaraz hitz egiteko konfiantza eskuratzen delako. Satisfakzio handia ematen du horrek. Baina beste sentsazio positibo pila bat ere ekartzen ditu Mintzapraktikan aritzeak. Probatu ez duenak ez daki zer den hau!

Bidelagunoi berriz, euskara praktikatu nahi dutenekin astero elkartzen garen boluntariooi, gure ordu bete batek sortzen duen giroak ematen digu MintzaPoza, dakiguna partekatzeak, euskararen alde gure alea jartzen dugula sentitzeak.

Gurasolagunak: Mintzalaguna eskolan!
Ikastetxeekin “Gurasolaguna” Mintzalagunaren aldaera eskainiko da Udaleko Euskara Zerbitzuaren laguntzari esker. Gurasolaguna aldaeran ikastetxe bereko gurasoekin osatuko dira mintza taldeak. Bereziki, haur hezkuntza eta lehen hezkuntzako lehen zikloko gurasoei eskainitako aldaera da, izan ere, bereziki adin horretako haurren gurasoek egiten duten ahaleginak berebiziko garrantzia du familiaren hizkuntza ohituretan.

Laguntzaileak
Ikasturte honetan ere euskaraz hitz egiteko gaitasuna landu nahi dutenei laguntzeko prest bazaude, nahikoa da astean ordu bete eskaintzea, eta ikasleek euskaren erabileran aurrera egiten lagunduko zenuke.

7000 lagunetik gora Euskal Herrian
Donostian ez ezik, Euskal Herriko 120 herri eta hirietan ere zabaldu da egitasmoa, azken ikasturtean esaterako 7.000 mintzalagun aritu dira Euskal Herri osoan. Horiek guztiek, une batean, jauzi egin dute: etxetik taldeko girora lehendabizi eta, taldeko konplizitatean, kaleko erabilerara gero.


Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Didoe
Kutxa Fundazioa