Foru Jauregiak pertsonaia historikoek gidatutako bisita antzeztuak hartuko ditu, Gipuzkoaren Milurtekoaren ospakizunen baitan

Gaurko ate irekien jardunaldian 250 lagun bildu dira, eta irailaren 13an egingo dira lehen bisita antzeztuak

visita scaled Foru Jauregiak pertsonaia historikoek gidatutako bisita antzeztuak hartuko ditu, Gipuzkoaren Milurtekoaren ospakizunen baitan

Foru Jauregiak gaur ireki ditu berriz ateak, eta 250 lagunek hartu dute parte antolatutako bisitetan. Parte-hartzea iazkoa gainditu du eta, guztira, 5.000 pertsona inguruk ezagutu dute dagoeneko Gipuzkoa plazako eraikinaren historia, arkitektura eta balio artistikoa. Bisitak euskaraz eta gaztelaniaz egin dira, eta bisitariek aukera izan dute ordubetez jauregiaren altxorrak bertatik bertara ikusteko: Alfonso VIII.a erregearen foruen zina irudikatzen duen beiratea, Elkanori eskainitako XVI. mendeko tapiza, horma-pinturak, erretratuak, eskulturak eta inskripzioak, besteak beste.

Eider Mendoza diputatu nagusiak herritarren interesa eskertu du: “Aldundiarentzat pribilegio bat da ateak ireki eta gipuzkoarrekin partekatzea gure historia komun aberatsaren parte den ondare hau”. Era berean, herritarrak gonbidatu ditu hurrengo hitzordu berezira: irailaren 13an egingo diren bisita antzeztuak, Gipuzkoako Milurtekoaren ospakizunen kultur programazioaren barruan.

Irailaren 13ko bisitaldian, aktoreek lurraldeko pertsonaia historikoei bizia emango diete, garaiko jantziak soinean, Gipuzkoaren historian zehar bidaia berezi bat egiteko. Gobernanta-ren gidaritzapean (Josune Gorostegik antzeztua), Juan Sebastian Elkanok (Arkaitz Gartziandia), Loiolako San Inaziok (Gaizka Sarasua), Julio Urkixok (Juanma Rodríguez) eta Elbira Zipitriak (Amaia Irazabal) parte hartuko dute kontakizunean.

Hitzordu honetarako izen-emateak datorren astelehenean irekiko dira Aldundiaren webgunean. Edukiera mugatua denez, plazak azkar beteko direla aurreikusten da. Halere, abenduan beste saio antzeztu bat egitea aurreikusi du Aldundiak.

Mendozak azpimarratu duenez, “efemeride historikoaz harago, ospakizunak gure komunitate-balioak indartzeko aukera dira, duela hamar mende genuen bizitzeko eta aurrera egiteko grinak gaur egun ere balio duelako”.


Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Kutxa Fundazioa