Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak eta Donostiako Zinemaldiak ‘Zinema eta Etxebizitza’ zikloa antolatu dute 74. edizioaren barruan. Ekimenak etxebizitza, desberdintasuna eta gazteen emantzipazioa izango ditu ardatz.
Zikloak hainbat hamarkada eta geografiatako filmak bilduko ditu. Irailaren 23an El pisito (16:15), irailaren 24an 5 metros cuadrados (16:00) eta irailaren 25ean Gisaengchung / Parasite (Parásitos, 16:00) emango dituzte Príncipe zinema-aretoetan. Horrez gain, irailaren 22an, 09:00etan, 5 metros cuadrados eskainiko dute Trueba zinemen 1. aretoan Gazteriaren Epaimahaiaren aurrean, Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuaren parte-hartzearekin.
Zinemaldiak iraun bitartean, Gaztelagunek informazio-gunea izango du Okendo plazan. Bertan, 18 eta 35 urte bitarteko gazteek programari buruzko informazioa jaso, zalantzak argitu eta eskaera zuzenean aurkezteko laguntza izango dute.
«Gaztelagun gazteak dauden guneetara hurbildu nahi dugu, baita elkarrizketa, kultura, eztabaida eta pentsamendu kritikoa sustatzen diren espazioetara ere», adierazi du Itxasok.
Gaztelagun programak hileko alokairuaren %60 arteko laguntza eskaintzen du, gehienez 300 euro pertsonako eta hileko. Eusko Jaurlaritzaren arabera, programak gaur egun 7.679 onuradun aktibo ditu eta 2026an 9.106 gazteri eman die laguntza ekonomikoa.



Deja un comentario