Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Bidegik Irungo eta Zarauzko ordainlekuetako zerbitzuak indartuko dituzte asteburu honetan, abuztuko irteera operazioari aurre egiteko. Aurreikuspenen arabera, ibilgailu gehien uztailaren 31tik abuztuaren 2ra bitartean ibiliko dira lurraldeko errepideetan.
Asteburu horretan bat egingo dute abuztuko irteera operazioak, uztaileko itzulera operazioak eta Gibraltarko Itsasarteko Operazioari lotutako joan-etorriek. Aurreikuspenen arabera, trafikoak bereziki eragina izango du Irungo ordainlekuan. Bestalde, abuztuaren bigarren hamabostaldiko itzulera operazioan trafiko handiena Zarauzko ordainlekuan espero da, Behobiako noranzkoan. Bidegiren aurreikuspenen arabera, uda honetan iaz baino %1 trafiko handiagoa izango da.
Horri aurre egiteko, langile gehiago egongo dira Irungo eta Zarauzko ordainlekuetan trafiko handieneko uneetan, eskuz ordaintzeko terminal berriak jarriko dira Irunen, mantentze-lanak murriztuko dira trafiko handieneko egunetan eta seinaleztapena zein erabiltzaileei ematen zaien informazioa indartuko dira.
Bestalde, AP-8ko Aritzeta eta Oiartzungo gasolindegietako greba dela eta, Bidegik zaintza berezia egingo du uztailaren 30eko 22:00etatik abuztuaren 2ko 23:59ra arte, Trafiko Sailarekin koordinatuta, sor daitezkeen eraginak ahalik eta gehien murrizteko. Era berean, autobideko paneletan erabiltzaileei egoeraren berri emateko informazioa zabalduko da.




Deja un comentario