Gipuzkoak Lourdes Iriondori emango dio Urrezko Domina haren heriotzaren 20. Urteurrenean

Aitorpen ekitaldia abenduan egingo da, eta omenaldi hunkigarria eta berezia izango da, sortzaile eta irakasle urnietarraren familia eta ingurukoekin elkarlanean antolatua

Lourdes Iriondo Gipuzkoak Lourdes Iriondori emango dio Urrezko Domina haren heriotzaren 20. Urteurrenean
Lourdes Iriondo. Wikipedia.

Foru Aldundiak Gipuzkoako Urrezko Domina Lourdes Iriondo Mujikari (Donostia, 1937 – Urnieta, 2005) emango dio aurten, haren heriotzaren 20. urteurrenean. Ekitaldia abenduan egingo da, eta omenaldi hunkigarria eta berezia izango da, Aldundia omenduaren familiarekin eta gertukoekin elkarlanean prestatzen ari dena. Hain zuzen, foru erakundeak ematen duen hilondoko bigarren Urrezko Domina izango da hau, 2008an Mikel Laboa zenari eman ostean.

Irune Berasaluze foru bozeramaileak nabarmendu duenez, oraingo asteko Gobernu Kontseiluak onartutako errekonozimendu honen bidez “Lourdes Iriondok euskal kantagintzan eta haur literaturan egindako ekarpen aitzindaria aitortu nahi da, hala nola garaiko estereotipoak eta oztopoak gaindituz emakume sortzaileak euskal kulturaren erdigunean kokatzeko izan zuen adorea ere”.

Era berean, bozeramaileak adierazi du Urrezko Dominaren bidez “Iriondok euskararen biziberritzean eta euskal kulturaren suspertzean egindako lan mamitsu eta berritzailea gaurkotzea, justizia egin, eta behar duen lekuan kokatzea” dela helburua, “gure Herriaren eta lurraldearen historian merezi duen tokia izan dezan”.

Lourdes Iriondo kantagile, idazle eta irakaslea izan zen, eta Ez dok amairu mugimendu abangoardistaren sortzaile eta kideetako bat. Mugimendu horrek euskal kantagintza eraldatu eta euskal kulturaren susperraldian eragin handia izan zuen. Bere ahotsak eta irudiak –plazaren erdian emakume kantari bat, gitarra lagun zuela– arrasto sakona utzi zuen belaunaldi askotan. Bakarka, zein bikotekide zuen Xabier Leterekin batera ala beste hainbat artista handirekin, 1960ko eta 1970eko hamarkadetan euskal herritarren memorian txertatuta geratu diren hainbat abesti sortu zituen, kontzientziak piztuz eta miresmena eraginez.

“Bere ibilbidea aitzindaria izan zen berdintasunaren ikuspegitik ere, emakume sortzaileak plazaren erdigunean kokatzeko ausardia eta gaitasuna izan baitzuen, gizarte hertsi batean”, azpimarratu du Berasaluzek. “Bere abestietan euskaltzaletasuna, herrigintza, kritika soziala eta politikoa, nahiz espiritualtasuna uztartu zituen, eta, horrela, ondoren etorri diren emakume musikari eta kulturgileentzat bidea urratu zuen”.

Halaber, Iriondok ekarpen oparo eta aitzindaria egin zuen haur literaturan ere, eta hainbat aditu eta jakitunen esanetan, mugarri izan zen euskararen transmisioa belaunaldi berrietara zabaltzeko ahaleginean. Bizitza osoan zehar Euskal Herriarekin, euskararekin, haurrekin eta gazteekin zein bere gertuko komunitatearekin konprometitutako pertsona izan zen.

Foru bozeramaileak aitortza honen muina hitz hauetan laburbildu du: “Gipuzkoak omenaldia egiten dio Lourdes Iriondori zor diogun guztiagatik, emakume sortzaile gisa urratutako bideagatik, eta justiziaz haren izena eta ondarea gure lurraldearen historian idatzita gera daitezen”.


Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Kutxa Fundazioa