Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak baimena eman du Mutriku, Deba, Orio, Segura eta Zaldibian eguzki-instalazio fotovoltaikoak ezartzeko proiektua eta horren exekuzioa kontratatzeko. Guztira, 565.810 euroko inbertsioa egingo da eta obrak lau hilabeteko epean gauzatuko dira.
José Ignacio Asensio jasangarritasuneko diputatuaren hitzetan, helburua da “udalerri txikiek ere trantsizio energetikoan aurrera egiteko pausoak ematea” eta «gipuzkoar guztiak energia-eredu berrian parte hartzea».
Instalazioak “giltza eskuan” erregimenean gauzatuko dira, eta ez dira bakarrik eguzki-plakak jarriko: autokontsumo kolektiboa martxan jartzea, izapide teknikoak eta monitorizazioa ere sartuko dira. Mantentze-lanak udalerrien esku geratuko dira. Eguzki-instalazio bakoitzaren kokapena aurrez aztertu da, irizpide tekniko eta sozialak kontuan hartuta.
Proiektu hau Gipuzkoa 2050 Jasangarritasun Energetikoaren Estrategiaren barruan kokatzen da, eta helburu nagusien artean daude isuriak murriztea, pobrezia energetikoari aurre egitea eta herritarren ahalduntzea energia-kudeaketan.
Energia-komunitateak: herritarren protagonismoa lehen lerroan
Gaur egun, Gipuzkoako udalerrien %70ak jada pausoak eman dituzte norabide horretan, eta dagoeneko badaude 67 energia-komunitate aktibo: 61 herritarrak eta 6 industrialak. Foru Aldundiaren helburua da 2027rako udalerri guztiek gutxienez komunitate energetiko bat izatea.
“Epe luzerako aldaketa bati buruz ari gara. Energia garbia bertan sortu eta herritarrek partekatuko dute, ikuspegi sozial eta ingurumenarekin bat eginez”, azpimarratu du Asensiok.



Deja un comentario