Gordailuan prestakuntza espezializatuko lau beka deitu ditu Aldundiak

Etnografia, zaharberritzea, arkeologia eta dokumentazio arloko praktikak egiteko aukera izango dute Gipuzkoako gazteek

Gordailua scaled Gordailuan prestakuntza espezializatuko lau beka deitu ditu Aldundiak
Argazkia: Gordailua.

Gipuzkoako Foru Aldundiako Kultura departamentuak Gordailuan prestakuntza espezializatuko lau beka emateko deialdia egin du. Laguntzak Gipuzkoako gazteei zuzenduta daude, kultura ondareari lotutako hainbat arlotan prestakuntza osatzeko helburuarekin.

Zehazki, etnografiaren arloko beka bat eskainiko da, baita artea eta etnografia kontserbatzeko eta zaharberritzeko beste bat ere. Horrez gain, arkeologiako praktikak egiteko beka bat eta dokumentazioan eta erregistroan trebatzeko beste bat deitu dituzte.

Beka bakoitzak 10.480 euroko zuzkidura izango du, eta guztira deialdiak 41.920 euroko aurrekontua izango du.

Goizane Álvarez Kulturako diputatuak azaldu duenez, laguntza hauek “tresna garrantzitsua dira etorkizun profesionala kultura ondarera bideratu nahi duten gazteei bidea zabaltzeko”.

Diputatuaren hitzetan, Gordailua “ez da kontserbatzeko espazio bat soilik; ikasteko, ikertzeko eta ezagutza transmititzeko lekua ere bada”.

Bekak eskatzeko, interesdunek espezialitate bakoitzarekin lotutako prestakuntza akademikoa egiaztatu beharko dute, azken hamar urteetan gutxienez bost urtez Gipuzkoan erroldatuta egon direla frogatu beharko dute, eta EAEko bi hizkuntza ofizialak jakin beharko dituzte. Euskararen kasuan, gutxienez HE3 maila edo baliokidea eskatuko da.

Eskaerak dagoeneko aurkez daitezke Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez edo horretarako gaitutako erregistroetan.

Síguenos en nuestro canal de WhatsApp o apúntate a nuestro newsletter para recibir las principales noticias de la semana

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Kutxa Fundazioa