Donostiako Zinemaldiaren 74. edizioko New Directors sailak Alemania, Bulgaria, Txile, Hego Korea, Espainia, Iran, Japonia, Kazakhstan, Mexiko, Norvegia, Erresuma Batua, Ukraina eta Taiwango zinemagileen hamalau lehen eta bigarren film luze bilduko ditu.
Hautatutako film guztiek Kutxabank-New Directors saria eskuratzeko lehian parte hartuko dute. 50.000 euroko saria zuzendariaren eta filma Espainian banatzen duenaren artean banatuko da, erdibana.
Saila Jaime Lorenteren El mal hijo lehen film luzearekin inauguratuko da, eta Billy Lumbyren Florid lehen film luzearekin itxiko da.
Hautatutako filmen artean daude Naëmi Adaren Body of Glass, Rodrigo García Saizen Morro, Marlene Emilie Lyngstaden Cute, Kazuya Murayamaren The Ballet Lesson, Ayana Nurdinovaren Mugalime, Massih Parsaeiren Lovers Sleep Alone, Lu Po-Shunen Ri Guang / Will You Still Be My Friend, Hristo Simeonoven Obuvkite na bashta mi / My Father’s Shoes, Thomas Woodrofferen Bloques erráticos / Erratics eta Yoon Dan-biren The World Before.
Film horiekin batera, aurretik iragarritako Espainiako ekoizpenek ere parte hartuko dute: Javier Ginerren Esta soledad, Jaime Lorenteren El mal hijo eta Tatjana Moutchniken Sieben Tage Februar / February, Seven Days.
Kutxabank-New Directors sariaz gain, New Directors saileko film guztiek Gazteriaren DAMA saria ere eskuratu ahal izango dute. Saria 18 eta 25 urte bitarteko 150 gaztek osatutako epaimahaiak erabakiko du.
Duela 50 urte baino gehiago sortutako New Directors saila talentu berriei eskainitako Zinemaldiaren atal nagusietako bat da. Urte hauetan zehar, Olivier Assayas, Nicolas Winding Refn, Jonathan Glazer, Lucile Hadžihalilović, Bong Joon-ho, Isabel Coixet, Walter Salles eta Kevin Smith bezalako zinemagileen lehen lanak hartu ditu, besteak beste.
Iazko edizioan, New Directors sailean hautatutako filmek 50 sari eta izendapen inguru jaso zituzten Donostiatik igaro ondoren.

