Rubén Corral, Elsa Estrella Echevarría eta Beatriz Navas hautatu dituzte Zinemaldiaren eta Elías Querejeta Zine Eskolaren (EQZE) José Ángel Herrero-Velarde beken laugarren edizioan. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Departamentuak sustatutako laguntza hauen bidez, hiru ikerketek Donostia Zinemaldiaren artxibo historikoa izango dute abiapuntu, jaialdiaren historia, harremanak eta lotura instituzionalak sakonago aztertzeko.
Artxiboan egingo diren lanek hiru ardatz nagusi izango dituzte: Donostia Zinemaldiak Estatuko beste zinema-jaialdiekin izan dituen erakunde-harremanak, Sonika-Bo programatzailearen haurrentzako zinema-lan aitzindaria eta Zinemaldiak zinema-politiken inguruko eztabaidetan izandako eragina.
Donostia Zinemaldiko eta Elías Querejeta Zine Eskolako ordezkariek osatutako batzorde batek erabaki zuen maiatzean nori eman hiru bekak, aintzat hartuta laguntzetako bat Euskal Autonomia Erkidegoan jaio edo bizi den pertsona bati zuzendu behar zitzaiola eta beste biak Estatu osoko ikertzaileei irekita zeudela.
Batzordearen arabera, hautatutako proposamenak “pluralak eta gaiaren eta metodologiaren aldetik egokiak” dira, eta “zinema-jaialdien ikerketan zein Estatuko eta nazioarteko zinematografien ezagutzan ekarpena egiten dute”, eta, aldi berean, Zinemaldiaren artxiboa osotasunean ulertuz eta baliabide horiek iturri nagusi gisa erabiliz.
Hiru ikerketa: hiru ikuspegi
Rubén Corral (Sabiñánigo, 1977) Bilbon bizi den ikertzaileak XX. mendean Donostia Zinemaldiak Estatuko beste zinema-jaialdiekin izan zituen harremanak aztertuko ditu. Bere lanak, besteak beste, Valladolid, Xixon eta Sitgeseko jaialdiekin izandako loturak jorratuko ditu, harreman horiek zinema-esparruko botere-dinamikak, proiekzio sinbolikoak eta nortasun-negoziazioak ulertzeko tresna gisa aztertuz.
Elsa Estrella Echevarríak (Madril, 1997), berriz, 1958 eta 1963 artean Zinemaldiaren haurrentzako programazioan izandako zinema esperimentala izango du aztergai. Ikerketaren erdigunean Sonika-Bo programatzailearen lana egongo da; izan ere, Parisko Cendrillon zineklubaren sortzaileak Ekialdeko blokeko lanak eta pedagogia berritzailean oinarritutako zinemagileak ekarri zituen Donostiara, frankismoaren kontrol kulturalaren mugak neurri batean gaindituz.
Hirugarren ikerketa Beatriz Navasek (Madril, 1978) egingo du. Haren helburua izango da Zinemaldiaren inguruan sortutako eztabaidak, ekimenak eta erabaki politikoak identifikatzea eta horien eragina aztertzea Estatuko zinema-politiken garapenean. Horrez gain, jaialdiak kultur politikak ikusarazteko, negoziatzeko eta legitimatzeko espazio gisa izan duen eginkizuna aztertuko du.
Bi asteko egonaldia Artxiboan
Bekadunek bi asteko egonaldia egingo dute Tabakaleran kokatutako Artxiboaren instalazioetan, uztailaren 13tik 24ra bitartean. Euskadiko Filmategian lan egiteko eta kontsultak egiteko espazio bat izango dute, eta eraikineko artxibo eta funtsak erabiltzeko aukera izateaz gain, zinema-saioetan, mintegietan eta eskola magistraletan parte hartu ahal izango dute.
Bekaren barruan 3.000 euroko dirulaguntza jasoko dute, eta joan-etorriak, ostatua eta egonaldiko dietak ere estalita izango dituzte.
José Ángel Herrero-Velarde beken helburua Donostia Zinemaldiaren artxibo historikoaren ikerketa sustatzea da, artxibo hori ikerketa-lan berrien iturri nagusi bihurtuz eta jaialdiaren iragana gaur egungo eta etorkizuneko ikuspegietatik berrirakurriz.





Deja un comentario