Kaialde okupatu duten gazteak “epe luzeko proiektua” egin nahi dute “auzotik abiatuta”

Foto: Santiago Farizano

“Epe luzeko proiektua burutu nahi dugu auzotik abiatuta eta mundu osoari gonbidapena luzatuz. Eta atentzioa deitzen ez diguten bitartean…”. Modu honetan mintzatzen ziren gaur goizean Kaialde ikastola zaharra igandean okupatu zuten gazteak gaztetxe bihurtzeko asmoz. Autogestioa oinarri izango duen proiektua jarri nahi dute martxan Orixe ikastolaren eraikin zaharrean, Parte Zaharreko Kanpandegi kalean, eta eraikuntza 12 urte itxita daramatzala salatu dute.

“Orain dela 5 urte auzoetxe moduan erabilia izateko eskatua izan zen auzo elkartearen eskutik. Udalarekin akordioa bilatu genuen baina ezezkoa eman ziguten. Hilabete asko daramatzagu proiektu bat aurrera ateratzeko asmoarekin eta eraikin honekin saiatzen ari gara orain”, diote.

Komunikabideei esker jakin izan dute Eneko Goia alkateak helduentzako zentro baten eraikuntza duela aurreikusita, baina ez dira fidatzen. Momentuz ez da haiengana udaletxeko inor hurbildu. “Bere garaian zenbait identifikazio egon ziren baina ez zeuden okupazioarekin erlazionatuta”.

Baketsua izaten ari da gazteen jarrera eta azpimarratu nahi dute Zumaia eta Lasarteko bizilagunen laguntza jaso dutela.